(argazkia: Galdakaoko Udala)

Euskal Herria, Galiza, Katalunia, Gaskoina, Groenlandia, Sardinia eta Transilvaniako doinuak ekarriko ditu Musika Bizian jaialdiak Galdakaora

Jaialdia urriaren 28an eta 29an izango da Iturrondo plazan. Niko Etxart eta Hapa alde batetik eta Liher taldea bestetik izango dira Euskal Herriko ordezlariak.

Musika Bizian jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo dute urriaren 28an eta 29an, Galdakaoko Iturrondo plazan. Urtero bezala, Andra Mari dantza taldeak antolatu du estaturik gabeko herrialdeen arteko musika jaialdia, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak nabarmendu du “ohorea” dela Galdakaorentzako eta ildo beretik eskerrak eman dizkio Andra Mari dantza taldeari egindako lanagatik. Era berean alkateak gaineratu duenez, “mundu globalizatu honetan Andra Marik horrelako lana egitea azpimarragarria da”.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura eta Euskara diputatuak adierazi duenez, jaialdiak estaturik gabeko herrialdeen ezagutza posible egiten duela kultur sorkuntzari esker eta “seguruenik modurik identitarioenean eta zubigintzarekiko modurik errazenean: musikaren bidez”.

“Galdakao bihurtzen da munduaren zati bat eta Galdakao jartzen dugu munduko erakustokian”, gaineratu du Bilbaok eta “Andra Mari erreferentziazko taldea” dela ere bai.

Unai Zabala Andra Mari dantza taldeko presidenteak azaldu duenez, “Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden munduko beste herrialde batzuetako musika, hizkuntza eta kulturak erakustea da jaialdi honen bereizgarri nagusia”.

Duela bederatzi urte antolatu zen lehenengoz jaialdi hau eta orduz geroztik 22 herrialdetako musikari eta musikagileak igaro dira Galdakaotik, aurten Euskal Herria, Galizia, Katalunia, Gaskoina, Groenlandia, Sardinia eta Transilvaniako musikari eta musikagileak gonbidatu dituzte. Oihana Telleriak nabarmendu duenez, “hizkuntza eta kulturgintza gutxiagotuetako herrialdeetako musika jaialdia antolatuta, munduko kultura-aniztasuna islatzen da”. Gaur egun daukagun paradigmaren aurrean, “musika ikusi, entzun eta ukitu” ahal izango dela azpimarratu du.

Urtero bezala, musikagile artisauen lana ere nabarmendu nahi izan dute; izan ere, “Musika Bizianen musika sortzeko, musika ulertzeko eta musika bizitzeko beste aukera batzuk eskainiko” dituztela esan du Jon Eguskizak: “Eskulana erakutsiko dugu, instrumentu bat eskuz lantzeak zenbat lan, denbora eta maitasun behar duen ezagutzeko aukera eskainiko dugu”.

Egitaraua

Urriaren 28an, 19:00etan Taberna Ibiltariak girotuko du Iturrondo plaza, ohikoa ez den formatu batean: kalez kale ibili beharrean, karpan bertan entzuteko aukera egongo da.
21:00etan kontzertuak hasiko dira Xabier Diaz & Adufeiras de Salitre (Galiza) eta Niko Etxart eta Haparen (Euskal Herria) eskutik.

Urriaren 29an, 12:00etan luthierrak eta instrumentuen erakusketa izango da: Euskal Herriko, Galiziako Gaskoinako, Kataluniako eta Sardiniako luthierrak izango dira Iturrondoko karpan. Sortzen dituzten instrumentuak erakusteaz gain, jo ere egingo dituzte horretarako atonduko den oholtza batean. Horrez gain, ohikoa den legez, Andra Mari dantza taldeak instrumentuen erakusketa prestatuko du.

19:00etan, berriz, Altsasuko Elektrokela elektrotxaranga arituko da kaleak girotzen eta gaueko 21:00etan hiru kontzertu egongo dira: Fanfara Transilvania (Transilvania),  Nanook (Groenlandia) eta Liher (Euskal Herria) taldearen eskutik.

Zabaldu: