Aurtengo deialdian Nuria Cadenes idazle katalanaren Guillem nobelaren zati bat itzuli beharko da eta kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira. Horrekin batera, sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea baloratuko da. Lanak 2024ko martxoaren 8ra arte aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan.
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko, 2024ko (H)ilbeltza beka jarri dute martxan aurten ere.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “deialdi honen helburua Nuria Cadenes idazlearen Guillem eleberri beltza itzultzea da”. Horretarako, parte-hartzaileek Cadenesen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki 17-27 tartea biak barne, Abans atalari dagokiona, hain zuzen. Testua ilbeltza.eus edo baztan.eus webgunetatik deskargatu ahal izango da.
Lanak 2024ko martxoaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira Baztango Udaleko erregistroan eta apirilaren 30a baino lehen jakingo da bekaren irabazlearen izena. Itzultzaile saridunari hurrengo (H)ilbeltza bekaren (2026) epaimahaikide izatea proposatuko zaio.
Epaimahaiko kideak hauek izango dira: Baztango Udalaren ordezkaria, Fernando Anbustegi; Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, Garazi Arrula; eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Beñat Irastorza. Beka 6.000 eurokoa izango da eta bi zatitan banatuko da.
(H)Ilbeltza elkarteak sustaturiko eta Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak babesturiko beka honek urte batean sorkuntza eta hurrengoan itzulpengintza saritzen ditu.
Oinarriak, hemen.