(argazkiak: Bertsozale Elkartea)

Euskal Herriko haurrentzako lehen bertso eskolako ikasle izandako Arantzazu Loidik jantziko dio txapela Gipuzkoako txapeldunari

Patxi Goikoleak, bere aldetik, 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria emango du. Ikasle eta irakasle, lehen bertso-eskolako ordezkariak dira Loidi eta Goikolea.

50. urte igaro dira Almeneko bertso eskolak ateak ireki zituenetik, Eskoriatza eta Aretxabaleta artean. Haurrentzako lehen bertso eskola izan zen Euskal Herri osoan. Orain, Gipuzkoako Bertsozalek omenaldia egin nahi dio “urteurrenak Gipuzkoako Bertsolari txapelketa izan du eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baitio txapelketak, eta ez da gutxiagorako izango finala. Arantzazu Loidi Almeneko bertso-eskolako ikasle izan zen, eta Patxi Goikolea izan zuen irakasle; biak izango dira oholtzan abenduaren 14an. txapeldunari txapela jantziko dio Loidik, eta 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria eman Goikoleak”, adierazi dute elkarteko kideek.

Arantzazu Loidi, Aretxabaletan jaioa, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat dela dio Bertsozalek. “Lehen haurren bertso-eskola hartako kide, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea”.

1982an izan zen lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen.

Hala ere, ez zen bertsolaritzatik urrundu: hamarkada luzez aritu zen gai jartzaile gisa eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak.

Lehen haziak hezten

Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta baita lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren. “Hirukote horrek emandako pausoa aitzindari izan zen, proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzuen Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak, gaur egungo Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa”.

Bere aldetik, Goikoleak epailetzan egin zuen ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan, epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazte mailako zenbait sariketatan aritu da epaile, bere pasioa, belaunaldi berriekiko transmisioa, jarraituz.

Abenduaren 14an Illunben (Donostia) izango dira Loidi eta Goikolea, Goikolea eta Loidi: ikaslea eta irakaslea. Lehen bertso-eskola haren ordezkari, eta gerora sortu den Gipuzkoako bertso mugimenduaren lehen kimu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna