(argazkia: Bergarako Udala)

Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa aurkeztu dute Bergaran

Izena emateko aukera apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak bizpahiru minutuko bideo bat aurkeztu beharko du. Izena emateko bi modu daude: komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita edo algaraka.eus webgunean.

Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa egingo da maiatzean, Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa. Publikoarentzako irekiak izango diren lau saiotan egingo da: lehenengo kanporaketa eta finala Bergaran eta bigarren eta hirugarren saioak Urretxun eta Zumaian.

Bergarako Jardun euskara elkarteko Nerea Mendizabalek Seminarixoan egindako aurkezpenean azaldu duenez, “Euskal Herria bakarrizketagintzaren loraldian dago”, eta loraldi horrek bultzatu ditu lehiaketa antolatzera. “Ideia Goiena Komunikazio Taldearekin partekatu, eta hura martxan jartzeko erabakia hartu genuen elkarrekin. Noski, erakunde publikoen babesa eta laguntza ezinbesteko genuen, eta halaxe izan dugu”.

Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotziarentzako “ekimenak badu helduleku oso interesgarri bat, euskara eta kultura bultzatzetik datorrena. Sortzaile euskaldunak garatzeko aukerak eskaini behar ditugu, etorkizuneko euskal erreferente berriak sortu daitezen, hain beharrezkoak ditugunak”.

Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da 20:00etan. Maiatzaren 10ean lehen kanporaketa izango da Bergarako Seminarixoan; maiatzaren 17an bigarren kanporaketa Urretxuko Labeaga aretoan; maiatzaren 24an hirugarrena Zumaiako Aita Mari aretoan; eta, azkenik, maiatzaren 31n finala Bergarako Seminarixoan.

Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztuko dute.

Sariak

Lehen saria: 1.000 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak. Bigarren saria: 600 euro eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak. Bergarar onena: 250 euro bonutan, herrian erabiltzeko. Publikoaren saria: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria.

Izena emateko aukera apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak bizpahiru minutuko bideo bat aurkeztu beharko du. Izena emateko bi modu daude: komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita edo algaraka.eus webgunean.

Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu eta publikoak 12. lehiakidea aukeratuko du. Horretarako aukera izango da apirilaren 22tik aurrera, algaraka.eus webgunean. Aukeratuen izenak apirilaren 29an jakinaraziko dira

Lehiaketaren gaineko informazio guztia algaraka.eus webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu: