(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren bigarren bertsioa formatu digitalean

2019an paperean argitaratu zen hiztegia linean jarri du orain Euskaltzaindiak, gizartearen eskura. Hiztegia helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.euskaltzaindia.eus/ehhe

2019an, Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu zuen jendaurrean. Prentsaurrekoarekin batera, mintegi bat antolatu zuen orduan Akademiak, era honetako hiztegien garrantzia eta beharra azpimarratzeko. Mendeurrenaren baitan gertatu zen hori guztia.

Orain, beste urrats bat eman nahi izan du Euskaltzaindiak, erabiltzaileei EHHEren bigarren bertsioa eskainiz. 2019koa paperean argitaratu zen; oraingo hau, aldiz, linean eskaintzen da, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke (https://www.euskaltzaindia.eus/ehhe). Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa-ren lineako bertsioan papereko eduki guztia aurki daiteke, web teknologiak eskaintzen dituen laguntzekin aberastuta.

Joseba Lakarra euskaltzain oso eta EHHE-200 egitasmoaren zuzendariak bigarren bertsioaren berrikuntzak aipatu ditu gaurko agerpenean, “paperezkotik bertsio digitalerako migrazioan, pantaila bidezko nabigaziorako hainbat egokitzapen egin ditugu, euskarri ezberdinak irakurketa modu ezberdina eskatzen duela sinetsita. Euskarri berriari dagozkion egokitzapenez gain, asko izan dira testuan bertan eginiko aldaketak eta gehiketak, edukizkoak zein formazkoak. Edukiari dagozkionen artean, bi dira aldaketa mota nagusiak: batetik, eztabaida etimologikoetan eginiko moldaketak ditugu, eta, bestetik, zenbait iturriren gehiketa”.

2009ko Barne jardunaldietan hartu zuen Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa abiatzeko erabakia, eta horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu lantaldea. Joseba Lakarraren zuzendaritzapean, aldian aldian, Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.

“Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa hitzen sorrera aztertzen eta azaltzen duen hiztegia da”, honela deskribatu du Joseba Lakarra EHHE egitasmoaren koordinatzaileak. “Hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hau da, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan… oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez”.

Horrela, hitzak familiaka antolatu dira, ez sarrera solteka, hiztegi arrunt edo ezagunenetan bezala. Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin eta beste horrenbeste mailegatuekin.

EHHE linean: bilaketa erraza

Hauek dira Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoaren online bertsioaren helburu nagusiak: Hiztegiaren egitura eta filosofiari eustea; Hiztegiaren eduki osoa eskaintzea, azalpen testuak, eranskinak eta aurkibideak barne; Kontsulta bideak erraztea: bilaketa erraza eta laguntzak eskaintzea.

Zabaldu: