Adur Larrea izan zen bekaren lehen irabazlea (argazkia: Kultur Sharea)

Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak EKE-Elkar literatura bekaren bigarren edizioa abiarazi dute

Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak 6.000 euroko EKE-Elkar literatura bekaren bigarren edizioa abiarazi dute. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka jarri dute martxan. Ekimena bi urtean behin antolatzen da, aurtengoa, beraz, bigarren edizioa da eta Gazteluma beka ordezkatzera dator.

Lehen edizioko idazlea Adur Larrea ziburutarra izan zen eta iaz Lurbinttoko ohoinak izeneko komikia kaleratu zuen bekari esker.

Aurtengo deialdirako, literatura generotzat nerabeentzako narrazioa hautatu  da (eleberria, eleberri grafikoa edo ipuin bilduma izan daiteke).

Deialdian Ipar Euskal Herriko  edonork parte har dezake (Iparraldean jaio edota bizi dena), adin mugarik gabe. Egitasmoaren egileak bi pertsona edo gehiago baldin badira, bat gutxienez Iparraldekoa izan beharko dela nabarmendu du antolakuntzak.

Egitasmo guztiak hiru kidez osatutako epaimahai batek ikertuko ditu. Talde horrek uztailaren 31a baino lehen hautagaiei jakinaraziko die erabakia. Mahaikide batek bere lana ezin egina balu, haren ordezkoa beste mahaikideek izenda lezakete. Behar bezainbat kalitatezko lanik ez balitz, diru kopurua eman gabe utz dezakete epaimahaikideek.

Irabazleak izendatua izan eta gehienez 2024ko ekainaren 30era arteko epea izango du proiektu amaitua helarazteko. “Lanaren luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 60 orrialde, gutxienez. Bitarte horretan, egileak hastapeneko egitasmoa aldatu nahiko balu, epaimahaikideei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena eskuratu beharko du. Arrazoi berezi batengatik epea gibelatzea onar lezake epaimahaiak”.

Parte hartu nahi dutenek 2023ko ekainaren 30era arte izango dute proposamenak bidaltzeko aukera.

Parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: