(argazkia: Azpeitiko Udala)

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzeko jardunaldiak aurkeztu dituzte

Jardunaldiak Senpere, Laudio, Lesaka eta Azpeitian izango dira. Matrikula egiteko epea zabalik dago jada.

Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu dituzte bigarren aldiz elkarlanean Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Azaldu dutenez, “topagune honek egungo kultur bitartekaritza hartuko du hizpide, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu duelarik”.

Hala, oraingoan eskolaz kanpoko transmisioan jarriko dute arreta Senpere, Laudio, Lesaka eta Azpeitian egingo dituzten topaketetan. Izena emateko epea zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

2019ko urrian ehun lagunetik gora bildu ziren Azpeitin Sormenean Hezi, Kulturan bizi I. jardunaldian. Horretan hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin zuten eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat.

Aurtengo jardunaldietan hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu nahi dute. Egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu nahi dute, zeina honako bi galderak hausnartuta osatu asmo duten: “Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileok?”.

Bestetik, jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute erakunde antolatzaileek, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa eskolaz kanpo nola bermatu dezakegun aztertu eta proposatuko duen.

Antolatzaileek aipatu dute kulturgintza ekosistema bat dela, sortzaileek, antolatzaileek, komunikabideek, hezitzaileek eta zaleek osatzen dutena: “Ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu. Elkarlanik gabe, ez kulturgintzak, ez euskalgintzak ez herrigintzak ez dute etorkizunik. Aterabideak elkar hartu eta artikulatzetik soilik etorriko dira ulertzen dugunez, elkarlanerako ateak zabalik daude”.

 

Zabaldu: