Euskal kultura eta honen sustapena ardatz Eskola Hiztun Bila jardunaldietan

Aurtengo edizioak 400 lagun inguru bilduko ditu bi egunez, Kultura eskolan bizi. Eskola eta euskarazko kultur produktuen ikusgarritasuna, prestigioa eta kontsumoa lelopean.

Gaur goizean eman diote hasiera  XXIV. Eskola Hiztun Bila jardunaldiei. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan antolatzen duen jardunaldi honek 400 lagun inguru elkartuko ditu bi egunez, gaur eta bihar, honako gai nagusiarekin: “Kultura eskolan bizi. Eskola eta euskarazko kultur produktuen ikusgarritasuna, prestigioa eta kontsumoa”.

Osasun egoerak hala behartuta, online ari dira egiten aurten jardunaldiak, eta beraz, sarrerako agurretik hasi eta gainerako hitzaldi nahiz mahai inguru guztiak Irekia atariaren bidez jarraitu ahal izango dira.

Hala, euskal kulturaz, honen transmisioaz eta euskal kultur produktuen kontsumoaz arituko dira gaur eta bihar, beti ere eskolaren ikuspuntutik begira jarrita: “zeintzuk dira gure ikasleen kultura kontsumorako ohitura eta joerak? Euskarazko musika, literatura edo ikus-entzunezkoak kontsumitzen al dituzte? Ezagutzen al dituzte euskarazko kultura erreferenteak? Baina horien guztien aurretik dagoen galderari ere ez zaio ihes egingo jardunaldian: eta irakasleek, zer dakite irakasleek euskal kulturaz? Telematikoki bada ere, eztabaidarako eta hausnarketarako tartea izango dute, eta baita esperientziak elkarrekin partekatzeko aukera ere”, adierazi dute antolatzaileek.

Egitarau mamitsua

EHUko irakasle eta UEUko Literatura saileko buru Iratxe Retolazak eman die hasiera jardunaldiei, Kulturak eskola zeharka dezan: irakasleak kultur eragile izeneko hitzaldiarekin.

Horren ondotik, euskal ikastetxeetan irakasle dabiltzan bost kulturgileren arteko solasaldia izan da. Mahaiaren inguruan bildu dira: Gari Amundarain musikaria, Zaloa Urain Koken taldeko abeslaria, Asier Serrano idazlea, Ekaitz Goikoetxea bertsolaria eta Maider Zabalegi kantaria. Euskarazko kulturaren transmisioa hezkuntzan izan dute hizpide. Eguna bukatzeko, parte hartzaileek aldez aurretik grabaturiko hamar ikastetxeren esperientzietako batzuk ikusi ahal izango dituzte, nahieran, www.ulibarri.euskadi.eus webgunearen bitartez.

Bihar berriz, Xabier Paya kultur eragilea izango da jardunaldiko lehen hizlaria. Ikasle, ikusle, ekoizle; euskarazko kultur kontsumoa eta sorkuntza areagotzeko pistak du izena Getxoztarraren hitzaldiak. Ondoren, aurtengo jardunaldirako beren-beregi prestaturiko hiru bideo pilula aurkeztuko dira. Irakasleei zein ikasleei zuzenduriko bideo labur hauek erakusten dute zein aukera zabala eta zenbat baliabide dauden gaur egun gure eskuetan euskarazko kultura ezagutu eta kontsumitu ahal izateko. Teknologia berrien bitartez, modu errazean egin daitekeen lan hori are gehiago erraztea dute helburu bideo hauek, euskarazko kultura ikasgelan sustatzeko sareak eskaintzen dituen baliabideak jasoz modu atsegin, dinamiko eta umoretsuan. Bideo bakoitzak kultura arlo bat du ardatz: literatura; musika; eta ikus-entzunezkoak.

Amaitzeko, parte hartzaile guztien txanda izango da. Zonaldeka, 20 bideo-bilera antolatuko dira, Berritzeguneetako aholkulariek gidatuta, jardunaldian ikusi eta entzundakoak elkarrekin komentatzeko, alderdirik nabarmenenak partekatzeko eta, batez ere, norberaren ikastetxean zer eta nola egin dezaketen erabakitzeko.

Zabaldu: