Pello Jauregi ikerlari donostiarrak jasoko du aurtengo Abbadia Saria

Euskaraldiaren “teorizatzaile” gisa Jauregik egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak.

Gipuzkoako Aldundiak Pello Jauregi irakasle eta ikerlariari (Donostia, 1958) emango dio aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala erabaki ostean. Hala jakinarazi du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, zeinak, ikertzaile donostiarra zoriondu duen “merezimendu osoz” jasoko duen aitortzagatik.

Jauregi, Pedagogian Lizentziatua da Salamancako Unibertsitatean eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Kuadrilategi egitasmoaren sortzailea eta Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldahitz ikerketaren zuzendaria da, besteak beste. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea ere bada.

Euskaraldiaren antolakuntzarako inspiragarri izan zen Lasarte-Orian 2016an egindako Baietz 40 egun euskaraz herri erronkari buruz Jauregik egindako ikerketa, zeinetan jasotzen diren gizarte aktibazioari eta hizkuntza ohituren aldaketari buruzko hainbat oinarri esanguratsu.

Aukera honekin, Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian ikerlari donostiarraren lanek izandako garrantzia nabarmendu nahi izan du epaimahaiak . “Euskaraldia ekimenaren teorizatzaile den aldetik, hein handi batean, euskararen hedapenerako aukerak neurtezinak sortu ditu. Jauregik egin dituen gogoeta eta ikerketa horietatik dinamika sozial bat sortzeko gaitasuna izan du. Errepikatzeko modukoa, gainera. Konbinatu ditu ikerketa teorikoa eta praktika, ulermenaren gaineko ikerketan aritu baita eta hori lortzeko klaseak emateraino iritsi da, eta, gainera, ikerketarekin oinarri sendo bat eman dio gizarte ekimenari: ikertu, egin, neurtu eta ebaluatu; eta hiru hilabetera berriz neurtu”.

Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia Sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Xabier Anunzibai (1985) artista beasaindarra izan da aukeratua eta, beraz, okasiorako propio egindako artelan bat jasoko du Jauregik.

Ohitura denez, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian egingo da Abbadia Saria emateko ekitaldia, momentuan momentuko osasun eta segurtasun gomendioak jarraituz, beti ere: azaroaren 27an izango da, hain zuzen ere.

Zabaldu: