Jakin Fundazioak eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua antolatu dute abenduaren 16tik 18ra, EHUko Carlos Santamaria Zentroan. Akademiako, kulturgintzako eta herrigintzako eragileek 40 saiotan parte hartuko dute. Izen-ematea zabalik dago.
Euskal pentsamenduaren egungo testuinguruez eta etorkizuneko erronkez hausnartzeko, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua egingo dute abenduaren 16tik 18ra, Donostian. Jakin Fundazioak eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak antolatutako topaketak 150 hizlari baino gehiago bilduko ditu, besteak beste, Eneko Agirre, Xabier Barandiaran, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Roldan Jimeno eta Iratxe Retolaza.
Hasiera batean San Telmo Museoan egitekoa zen kongresua, baina egitasmoak hartu duen dimentsioagatik EHUko Carlos Santamaria Zentrora lekualdatu dute. Hiru egunetan, bost aretotan banatutako 40 saio egingo dituzte, hitzaldiak, solasaldiak eta sinposioak tartean.
Euskal pentsamenduaren erronkak aztergai
2019an egindako lehen edizioaren jarraipena izango da kongresua. Joxe Azurmendiren pentsamendua eta haren gaurkotasuna lantzeaz gain, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, egiturez eta etorkizuneko erronkez hausnartzea du helburu.
Egitarauak askotariko gaiak bilduko ditu: adimen artifiziala, historia, nazioa, literatura, trantsizio ekosoziala, soziolinguistika, kooperatibismoa, kulturgintza eta biologiaren filosofia, besteak beste. Kongresuko 40 saioetatik 20 inguru sinposioak izango dira; horietan, hiruzpalau aditu elkartuko dira gai jakin baten inguruan, aurrez landutako hausnarketa partekatua aurkezteko.
Kongresuak 2025eko uztailean hil zen Joxe Azurmendiren lana ezagutzen eta zabaltzen jarraitzeko aukera ere eskainiko du. Haren pentsamenduari eskainitako lehen kongresua egin zen urte berean sortu zen EHUko Joxe Azurmendi Katedra.
Abenduaren 16an egingo dute irekiera ekitaldia, Easo Abesbatzaren emanaldi bereziarekin. Kongresuaren amaieran, abenduaren 18an, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikian oinarritutako aurkezpen saioa eskainiko dute, Miren Narbaiza musikariarekin batera. Proiektuak 2025eko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen, eta liburua abenduan argitaratuko dute.
Kongresua edonorentzat irekia izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako epea abenduaren 15era arte egongo da zabalik, edo edukiera bete arte. Izen-ematea UEUren webgunearen bidez egin daiteke.