Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra egingo da Lekeition

Jaialdiak euskal zinemagintzaren alor desberdinak landuko ditu proiekzio, solasaldi eta tailerren bidez.

Aurten 46 urte beteko ditu Lekeitioko Euskal Zine Bilerak eta antolatzaileen esanetan, “zinearen lorratzak ekarri gaitu honaino. Euskal Zine Bilera ez zen bere 46. ekitaldiraino helduko norabidea eta ibilbidea erraztu eta bideratu zuten zinegileen oinatzak jarraituko ez balitu. Etorkizunera begira egotea bezain garrantzitsua da, noizbehinka, atzera begiratzea, eta bidea egin duten pausoetara erreparatzea. Erreferentzia-marka horien arabera, bide berriak zabaltzeko ardura hartuko dute belaunaldi gazteek, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berriek. Izan ere, zinea lekuko bat da beti, eskutik eskura pasatzen doana. Istorio bat belarritik belarrira kontatzen den eran, eta pantaila bakoitzean desberdina bilakatzen den moduan. Hori dela eta, aurtengo Euskal Zine Bilerak bere ibilbidean zehar izandako lorratzak jarraitu nahi ditu eta etorkizunekoak sortu”.

Hala, aurten ere, Ikusgarri zinema aretoak bere ateak irekiko dizkio Lekeitioko jaialdiari, zehazki urriaren 19tik 22ra bitartean. Jaialdiak lau eguneko iraupena izango du, eta egun horietan zehar euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango da. antolatzailen gogoratu dutenez, “gurea euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena dela. Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur hura martxan jarri zuenetik, lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko ikus entzunezkoentzako topaleku izaten”.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko Lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Guztira 19 film aukeratu dira lehiaketarako. Irabazleak aukeratzeko arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (konpositore, orkestratzaile eta moldatzailea) izango dira.

Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio.

Kameratoiari dagokionez, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten euskarazko ikus-entzunezko rally hau urriaren 19tik 22ra ospatuko da. Zinemagile gazteek 36 ordutan film bat sortu eta aurkeztu beharko dute. Aurten, gidoigintzari buruzko formakuntza jasoko dute gainera, eta Estibaliz Urresola zinemagilea eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendaria izango dira epaileak. Honetaz gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik. Izen-ematea urriaren 18ra arte egongo da zabalik. Sari banaketa: Urriaren 22an, 16:30ean izango da Ikusgarri zinema aretoan. Bertan, egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

Zoom: Klixka

Euskal Zine Bilerako Zoom atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortzeko asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abian jarri da aurten. Klixka ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin. Aurten, Azkue Ikastolako DBHko 3. mailako ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxilergoko 2. mailako ikasleek parte-hartu dute eta artista gonbidatuak Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Peru Galbete izan dira. “Programa pedagogikoan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz Klixka esperimentazio gunea diseinatu dugu, tailerretan garatutako esperientziak biltzen dituen ekimena, non tailerretako parte-hartzaileek zein herritar guztiek esperimentatu eta jolastu ahal izango duten”.

Klixka Esperimentazio Espazioa urriaren 21ean izango da, goizeko 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, kultur Etxeko Eskolape aretoan.

Zabaldu: