Euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko, ‘Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!’ dinamika abian

Dinamikak hiru ardatz izango ditu: administrazioari begira eta eragileen inplikazioa; ekitaldi xumeak Euskal Herriko hainbat tokitan; Egizu ekarpena. Babes ekonomikoa.

Euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko, AEK-k,Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko du abian, aurten ere. Azaldu dutenez, “Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendarte batekin amets egiten badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu”. Bide onetik doazela dio AEK-k, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere.

Baina aurrerapausoak eman diren arren, arlo horren finantzaketa ez dela nahikoa azpimarratu dute. Esate baterako, AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan daude.

Hala, hurrengo hilabeteetan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dute abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. “Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere, bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean!”.

Egitasmoak hiru ardatz izango ditu: alde batetik, 2021eko gutuna. Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. 1966ko urtarrileko gutunetatik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko gara. Honekin batera, “eragileok, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara.

Bestetik, herritarren bultzada nahi dutela nabarmendu dute AEK-ko kideek, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. “Administrazioaren aldetik, urrats gehiago egin daitezen borrokatzen garen bitartean, jendartearen arnasa ere ezinbestekoa dugu”. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta dauzkate eta gune gehiagotan egiteko aukerak aztertzen ari dira.

Azkenik, gaurtik hasita eta martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu dute. “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantzarik gabe, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta”.

Ekarpenak egiteko, hemen.

Zabaldu: