Loraldia Festibala martxoaren 9tik 28ra izango da, Bilbon

Aurtengo edizioak ahotsa emango die emakume sortzaile askori: Idoia Azurmendi, Olatz Salvador, Ainhoa Urgoitia, Garazi Etxaburu dira horietako batzuk. Gainera, jaialdiak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan: Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho. 

Sormenari zor lemapean dator Bilboko Loraldia festibalaren zazpigarren edizioa. Aurtengoan antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza presente izango dira jaialdian. Berrikuntza moduan, edizio honetan rol jokoak eta kabareta izango dira.

Zazpigarrenez, hamaika sortzaileren lanak plazaratuko ditu Loraldiak, eta aretoak egoerak eskatzen dituen zaintzak errespetatuz beteko direla nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, “sortzaileei zor diegu etorkizun berri baten diseinua. Sormena gara ala ia ezer ez”, adierazi dute.

Hala, Bilboko hamahiru areto eta gunetara helduko da Loraldia aurtengoan, hiriko kultur gune nagusietara eta baita beste txikiago batzuetara ere. Baina ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala ere eskainiko da. “Teknologiari esker mundura jalgiko da Loraldia. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio. Esperientzia digital honetan, ekitaldiak ikusi eta gozatu ahal izango dugu Loraldiaren webgunearen bidez. Hortaz, mundu osoaren eskuetan egongo da gure kultura garaikidea”.

Aurreneko ekitaldia sarean martxoaren 17an izango da Haatik Konpainiren eskutik. Dantza taldeak mugimendua emango dio bertsoari, eta gaurkotasunari buruzko gogoak plazaratuko ditu. “Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizun dibertigarri eta berri bat da”. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi eta Odei Barroso bertsolarien errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri dio soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbat abeslarik jarri diote ahotsa. Horrez gain, Aiert Beobidek solasaldia eskainiko du: Nola ikusten dugu geure burua euskaldunok? izenburupean.

Martxoaren 20an izango da bigarrena, Bozak. Emakumea eszenan izeneko esperientzia digitalarekin. Honetan euskal eszenaren unibertsoan biztutako bi ahots berri izango dira taula gainean: Olatz Salvador eta Idoia Azurmendi. Esperientzia honek “emakumeak eta eszena”  aztertzeko bidea emango du. Maddalen Arzallusek gidatuko du solasaldia, eta amaieran bi kantariak batera kantatzen ikusteko aukera egongo da.

“Bide digital horiek, edukiera-mugak ezartzen duena baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango digute. Finean, mundu interaktibo baten bidez eta parte-hartzearen bidez, sareetatik kalera eta kaletik sareetara bidaiatzea ahalbidetuko du esperientzia digitalak”.

Emanaldi hauetaz gain, martxoaren 13an Dantzertik antolatzen dituen Arrakalak Jardunaldien bidez online bidezko mahai-inguru bat eskainiko da. Sortzaile profesionalen jarduera ezagutzeko helburuarekin sortu dituzte jardunaldiok, eta hainbat artistaren iritziak entzuteko aukera emango dute. Aurten tradizioa eta dantza aztertuko dute eta hizlariak Oier Araolaza, Pantxika Telleria eta Patxi Laborda izango dira, moderatzailea , berriz, Iosu Garate.

Esperientzia digitalaz gain, asko dira aurtengo ediziorako prestatu diren ekimenak. Horien artean dago martxoaren 11n egingo den Loreak eta zauriak. Xabier Leteri kantari izeneko ekitaldia, Arriaga Antzokian. Lete omendu nahi duen diziplinen arteko emanaldia da. Izan ere, lehenengo kantuak idatzi zituen garaiaren eta gaur egungo munduaren arteko elkarrizketa gorpuztuko du. Horretarako, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena, Quico Puges izango dira oholtza gainean, ikuskizuna bertsoz, kantuz eta hitzez josteko.

Martxoaren 20an Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa idazleen hitzordu literarioa izango da Bilboko Alondegian. Mikel Antzak erronka hartu du eta hitzorduari berba jarri dio. Errealitatea eta literatura txirikordatzen dira antzezlan honetan.

Martxoaren 23an, berriz, musika, bertsoak eta kabareta uztartuko dituzte Bidebarrieta liburutegian, Gaztelondon zer berri izeneko ikuskizunarekin. Emanaldi honek kabaret itxura du, trajediak badu lekua, baina umoreak ere bai.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: