(argazkia: Bai Euskarari)

Euskalgintzako hainbat eragilek ‘Euskara Aurrera’ martxan parte hartzeko deia egin dute

Maiatzaren 21ean 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta dei egin diete euskaltzale guztiei deialdira batu daitezen eta “elkarrekin urrats erraldoia eman dezagun”.

Euskalgintzako hainbat ordezkarik agerraldia egin dute Donostian, datorren maiatzaren 21ean Gipuzkoako hiriburuan bertan Euskara Aurrera lelopeko manifestazioan parte hartzeko deia egiteko. Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbe eta Koldo Zarate (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrez (Bai Euskarari), Laida Begiristain (Maizpide euskaltegia), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarren (AEK) eta Joan Mari Larrarte (Elkar) izan dira agerraldian parte hartu dutenak. Bertan, apirilaren 5ean aurkeztu zen Euskara Aurrera egitasmoari atxikimendua adierazi diote, eta maiatzaren 21an Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egin dute.

Azaldu dutenez, aurreko asteburuan “euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna uztartu behar dituela ikusi dugu. Larunbatean Iruñean eta igandean Senperen milaka euskaltzalek nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek kaleak eta laku ertzak hartu ditugu, euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela adieraziz”.

Ildo horretan, egoera eraldatzeko, “parez pare” begiratu behar zaiola ziurtatu dute, eta XXI. mendean euskarak “nahi baino zailtasun eta erronka gehiago” dituela: “Euskararen aurkako epai juridikoak areagotu egin dira azken garaiotan, egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko, ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak faltan dira, eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira”.

Halaber, ohartarazi dute gaur gaurkoz ezin daitekeela esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. “Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da”, adierazi dute.

Bide horretan “kimu berririk eta argi izpirik” ikusten dutela gaineratu dute. Izan ere, azaldu dutenez, “euskalgintzak bere eguneroko jardunean herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du; inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena izan da igaro berri dena; Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da, gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz”.

“Bada, beraz, herri gogo eta energia nahikorik euskarak behar duen herri bultzada berria martxan jartzeko. Hori posible egiteko, ordea, aurrera urratsa egin behar dugu euskaltzale guztiok, euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko, euskara normalizatzeko, hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, justizia eta demokrazia auzia delako hau, euskara herri kohesiorako zuntza izateko eta, finean, Euskal Herri euskalduna izateko”, azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 21ean 17:30ean Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta dei egin diete euskaltzale guztiei deialdira batu daitezen eta “elkarrekin urrats erraldoia eman dezagun”.

Zabaldu: