(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak bi antologia aurkeztu ditu Sarako Idazleen Biltzarrean

Peillenek 70 urtetan idatzitako poema eta bertsoen bilduma (Ene bertsoen bilduma / Recueil de versification. Sans rimes ni raisons. 1951-2021), eta Jean Elizalde Zerbitzari idazle azkaindarraren Antologia (Jabier Kaltzakortak paratua).

Duela 39 urte hasi ziren Sarako Idazleen Biltzarra antolatzen eta ordutik, urtero izan da bertan Euskaltzaindia. Aurten ere erakusmahaia jarri du Akademiak Sarako kiroldegian, eta, horrekin batera, hiru liburu aurkeztu ditu.

Batetik, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituaren antologia poetikoa agertu du Akademiak Saran (Ene bertsoen bilduma / Recueil de versification. Sans rimes ni raisons. 1951-2021). Bertan, azken 70 urteetan idatzitako bertso eta poemak bildu ditu Peillenek. “Orain dela 70 urte idatzi nuen nire lehen bertsoa. Hain zuzen, poemekin hasi nintzen euskaraz izkiriatzen”, adierazi du euskaltzainak. Gai anitz jorratu ditu liburu mardul eta bitxi honetan eta hiru hizkuntza erabili ditu horretarako: euskara, gaztelania eta frantsesa. “Euskal kultura, Ekialdeko kulturak, gai mitologikoak, zahartzaroari buruzkoak… Poema desberdinak daude liburuan, baita Zuberoari eskainitako olerki luze bat ere, epika bat”, aurreratu du gaurko agerpenean.

Bestetik, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain emerituak Nafarroako Blanca Trajeria-ri buruzko edizio bitxi bat ondu du. Pastoralak egiteko erabiltzen den testua da trajeria, baina, oraingo honetan, sarrera sakon bat egin nahi izan dio Davantek jatorrizko testuari. Honela, trajeriaren pertsonaia nagusiaren garaia, hots, Blanca I.aren erreginaldia (1425-1441) bere denborako giroan kokatu du.

Trajeria hau lehen predikuarekin hasten da eta ondoren 23 jelkaldi  edo jaikialdi datoz, Davantek berak idatzitako zenbait kanturekin tartekatuz. Jaikialdien ondoren azken predikuarekin amaitzen da trajeria. Liburuaren azken partean, Davantek Zuberoa eta Nafarroako garai hartako harremanak bilbatzen ditu artikulu batean eta, azken-azkenik, eranskin gisa, Iruñea-Nafarroa erresumako errege-erreginen zerrenda erantsi du.

Davantek bestelako jakingarri batzuk ere azaldu nahi izan ditu, esaterako, noiz idatzi zuen liburuaren lehen bertsioa eta zergatik hautatu zuen garai nahasi hura: “Nafarroako Blanca trajeria (pastorala) 1996ko udan idatzi nuen, usaian bezala zubereraz, eta berriki ‘freskaldi’ bat eman diot argitaratzeko gisan. Blanca erregina eta Viana semea gure historiako bihurgune handi batean gertatu ziren. Hor hasi ziren bereziki agaramontarren eta beaumontarren arteko gerla zibilak, Nafarroako erresuma zinez ahuldurik utzi zutenak Gaztelako eta Frantziako errege gosetien aurrean. Bihurgune hori biziki adierazgarria iruditu zait, euskaldunen historian erabakigarria eta irakaspenez aberatsa: horren ondorio batzuen gainditu beharrez ari gara oraindik. Beraz nire alea ekarri nahi ukan diot”.

Jean Elizalde Zerbitzari: punta-puntako idazlea

Jean Elizalde Zerbitzari (1883-1961) Azkainen jaio zen apaiz, euskaltzain eta idazlea izan zen, eta liburu honetan, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak zertzelada sakonak eskaintzen dizkigu beraren bizitzaz eta, halaber, Elizalderen idatzien hautaketa bat ondu eta aurkezten du.

Kaltzakortaren ustez, “gure literatura manualetan ez zaio behar bezalako tokirik eskaini Jean Elizalderen prosari”, eta gaineratu du “prosazko testu laburretan eta itzulpenetan punta-puntakoa” dela. “Gerla handiaz duen testua oso ederra da, Metsikorat zein Erromarat bidaia-kontakizunak ere lan bikainak dira, eta egindako moldapenetan maila ezin bikainagoa ematen du. Mixel Labeguerieren hitzak erabiliz, ‘idazle nekaezin eta paregabea’ da Zerbitzari. Gainera, erabiltzen duen “euskara eredua guztiz aberatsa eta miresgarria” dela aitortu du liburuaren paratzaileak, “irakurlea kontakizunean erabat murgilarazten duena”.

Lanen antologia gai eta garai jakin batzuen arabera egituratu du Kaltzakortak: ‘Gerla Handia (1914-1918)’; ‘Bidaia-kronikak’; ‘Étienne Pellot itsas-pirata’; ‘Erlijio lanak eta Théophane Venard’; eta ‘Euskal pilota’.

Zabaldu: