Hainbat euskal artista profesional Zapart sarean bildu dira

Sare honen lehen helburua Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea da; ikusgarritasun fisikoa lagundu, sorkuntza sustatu eta belaunaldi, genero eta praktiken arteko zubiak eraikitzeaz gain.

Zapart sareko kideak arte plastikoetako sortzaileak dira, beren artetik bizi dira eta profesionalak izanik, beren eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko elkartu dira. Izan ere, ohartu dira askotan artista bisualen lana ez dela balioztatzen. Alderantziz, “denen onerako izanik ere, eta sare ekonomiko oso bat biziarazten den bitartean (programatzaile, inprimatzaile, hornidura saltzaile, garraiolari, teknikari eta abar luze bat) artistek ez dute, gehienetan, xentimo bat bera ere ukitzen, ez produkzio garaian, ez eta erakusketa gehienen kari ere ez”.

Egoera aldatzeko asmoz sortu da, beraz, Zapart, Euskal Herriko ikuspegi batetik. “Arteak bide luzea du gurean. Alta, publikoak artearekin duen harremana auzo-herrialdeetan baino txikiagoa dago. Kultura hau garatzen lagundu eta jendartean onuragarria den artezaletasuna indartzeko ahaleginak eginen ditu Zapartek, erakusketen bidez edota bestelako tresnak sortuz”.

Kidetzak

Modu ezberdinak proposatzen dituzte Zapart sarean kidetzeko, konpromezu maila ezberdinetakoak: lehena Zapartista dugu, “elkartekidea, zalea soilik izan daiteke, edo ekarpen aktiboa egiten duena”; kide aktiboa izango litzateke bigarrena, “kide aktiboek elkartearen ekinbidean parte hartzen dute, proposamenak eginez, iritzia emanez… Biltzarretan parte hartzen dute, bozka eskubidearekin”. Azkenik zale dugu, “elkartearen ekintzan puntualki parte hartzen dute eta kuota bat ordaindu dezakete, inolako obligaziorik gabe”.

Informazio gehiagorako: https://zapart.eus/izan_zapartista

Zabaldu: