Akademiaren ustez, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ez du apalduko euskaltzaleen engaiamendua euskara biziberritzeko.
2021eko apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu zuen gehiengo handiz. Hainbat euskal eragilek Euskaltzaindiak aurrepausoa zela adierazi zuen. Nolanahi ere, kezka ere agerrarazi zuen Frantziako Asanblea Nazionaleko hiruretan hogeita bat diputatuk Frantziako Konstituzio Kontseiluan aurkeztutako helegiteagatik.
Zorigaitzez, maiatzaren 21ean, Konstituzio Kontseiluak ebatzi zuen lege berri horren bi artikulu Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla, laugarren artikulua, murgiltze ereduari buruzkoa eta, bederatzigarren artikulua, eskualdeetako hizkuntzen ikur diakritikoei buruzkoa. Frantziako Asanblea Nazionalean diputatuen gehiengo zabal batek onartutako Molac diputatu bretainiarrak sustatutako legearen bi artikuluak ezabatzearen arrazoia Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua izan da, zeinak ezartzen duen “Errepublikako hizkuntza frantsesa dela”. Betidanik, Konstituzioaren artikulu hori erabili izan da eskualdeetako hizkuntzen aldeko aitzinamenduak oztopatzeko, hizkuntza horiek bigarren mailako hizkuntzatzat harraraziz.
Euskaltzaindiaren Zuzendaritzaren iritziz, Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakia deitoragarria da, frantsesaz gain, bestelako hizkuntzak erabiltzen dituzten herritarrak baztertzen dituelako eta hizkuntza gutxiagotuak biziberritzearen alde ari diren erakundeen, elkarteen eta pertsonen eginahalak oztopatzen dituelako. Haatik, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak larunbat honetan, maiatzaren 29an, Baionan deituta dagoen manifestaldian (LAUGA gela, 16:00) parte hartzeko dei zabala egin du. Hein berean, Akademiak uste du Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ez duela apalduko euskaltzaleen engaiamendua euskara biziberritzeko. Horrela, Euskaltzaindiak lan eginen du hizkuntza gutxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen ari diren guztiekin, hizkuntza horien legezko babesa hobetzeko eta egiazko aitortza eskuratzeko.