Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko lehen liburu azoka egingo dute urrian, Saran

Antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute eskola komunitatearen presentzia Ikusi Mikusi azokan eta Euskal Herriko eskolak parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte.

Ikusi Mikusi euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri Elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa da. Lehen edizioa iaz egitekoak ziren, baina, Covid-19ak sortutako osasun-krisiak eraginda bertan behera utzi behar izan zuten. “Aurten, proiektuari berriro heldu diogu euskarazko haur eta gazte literaturak berariazko azoka izatea garrantzitsua dela sinetsita gaudelako”.

Urrian egingo dute azoka eta osasunari dagokionez, segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla jakinarazi dute. Espazioa haur eta gazteentzako jarduerak eta ikuskizunak egiteko izango da. Halaber, Euskal Herriko literatura arloko profesionalak bertan izango dira: argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu saltzaileak, liburuzainak, ipuin kontalariak eta artistak oro har.

Urriaren 8an eta 9an egingo da azoka, “lehen egunean Eskola Eguna egingo dugu eta bigarrenean Familien Eguna”, zehaztu dute. Eskola Egunean ikasleek euskaraz idatzitako liburuen berri eta idazleak zein ilustratzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, baita ikuskizunekin nahiz sortzaileen aurkezpenekin gozatzeko parada ere. Gainera, ikasleek eskolan sortutako lanak erakusteko plaza izango dute.

Antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute eskola komunitatearen presentzia azokan eta euskal lurralde guztietako eskolak parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte. Hala, parte hartu nahi duen eskolak ekainaren 30era arte izango du izena emateko aukera. “Eskola Egunean ikastetxeetako 6-12 eta 12-16 urte bitarteko haurrak zein gaztetxoak gonbidatu nahi ditugu azokara eta, horrenbestez, eskoletako egutegietan urriaren 8a gorriz margotu dezatela nahi dugu.”

Bestetik, Azokan haur bakoitzak liburu bat eskuratzeko bonu bat lor dezan diru bilketa abiatuko dute Itsulapikoa plataformaren bidez, ekainaren 1etik aurrera. Antolatzaileen arabera, haur batzuentzat beren lehen liburua izango da euskaraz.

Zabaldu: