(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak Europa mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzen duen liburua plazaratu du

Akademiaren mendeurrenaren karian antolatutako XXIII. Jagon Jardunaldiko hitzaldiak biltzen ditu bere baitan argitalpenak.

Euskaltzaindiak Jagon 21: Hizkuntza gutxiagotuak zaindu, euskara jagon liburua aurkeztu du gaur Iruñean. Nafarroako Gobernuaren laguntzaz editatu du lan berria Akademiak, eta mendeurrenaren karian antolatutako XXIII. Jagon Jardunaldiko hitzaldiak biltzen ditu bere baitan.

2019ko urtarrilean, Euskaltzaindiak Iruñean antolatu zuen Jagon Jardunaldi berezia. Jardunaldiaren helburuak ziren: hizkuntza gutxituei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu, beste lurralde batzuetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin batera uztartzeko betiere, aldarte zientifiko egokia bilatuz. Bide batez, azken ehun urteetan Euskaltzaindiak euskararen jagote lanean zer egin duen erakutsi nahi zen, eta, horrekin batera, etorkizunean egin dezakeenaren inguruan hausnartu.

Argitalpenak mintegian parte hartu zuten hizkuntzalarien hitzaldiak jasotzen ditu, gehien-gehienak Europako mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoerari buruzkoak. Besteak beste, Mikel Zalbide euskaltzain osoaren hitzaldia dago liburuan.

Gogoetarako bide

Prentsaurrekoan, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak adierazi du Euskarabideak lagundu beharrekotzat jotzen dituela horrelakoak, eta, hala, jardunaldien antolaketan lagundu zuela, eta, orain, liburu honen argitalpenean ere bai. “Pozik gaude, beste behin ere ikusten baita onuragarria eta emankorra dela Euskaltzaindiarekin batera eginiko lana”, gaineratu du Arregik.

Sagrario Aleman Jagon sailburuak ere bat egin du Arregirekin, nabarmenduz “gogoetarako bide ematen duen liburu baliotsua” dela gaur Iruñean aurkeztu dena. “Europako mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzen du liburuak, lurralde bakoitzeko legeak nolakoak diren, eta abar. Hori dena ezagutzea ezinbestekoa baita jakiteko etorkizunean nolako pausoak eman behar ditugun”, esan du Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak. “Liburuan ikusten da adituek hainbat ikuspegi dituztela legeei buruz ari direnean. Hori bai, guztiek onartzen dute legearen zirrikituak baliatu behar direla hizkuntza gutxituak aitzinatzeko”, ohartarazi du Alemanek. “Bestelako galdera batzuei ere erantzuna emateko ahalegina dago hitzaldiotan: zer da berezko hizkuntza ofiziala? Zer da lurralde hizkuntza? Eskubideak norenak dira, norbanakoarenak, komunitatearenak?”. Bada, gogoetarako plaza berria jarri du Euskaltzaindiak gizartearen esku.

Zabaldu: