(argazkia: Alberdania)

‘Koiteretzia’ izenburupean, eleberri dialogikoa idatzi du Iñaki Segurolak

Pandemiaren garaiotan bizi izan dugunari eta oraindik ere bizitzen ari garenari buruz gogoeta egiteko liburua ondu du idazleak.

Iñaki Segurola (Azpeitia, 1962) filologo, hiztegigile eta idazleak Koiteretzia izeneko eleberria kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Hainbat saiakera kaleratu ondoren, oraingoan, nobelaren erregistroa hobetsi du egileak, zeri buruz eta pandemiaren garaiotan bizi izan dugunari eta oraindik ere bizitzen ari garenari buruz gogoeta egiteko. “Biziki harritu gintuen Iñakiren eskutik eleberri bat jasotzeak eta ezin dut ukatu aurreiritzi gaizto batez hasi nintzela irakurtzen. Berehala birrindu zituen, ordea, nire susmo txarrak, Koiteretzia eleberri peto-petoa da”, aitortu du Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak,

“Eleberri dialogikoa” dela aipatu dute Donostian egin duten aurkezpenean: “Platonen elkarrizketen tankeran osatu dut nobela, baina 350etik gora orrialdetan. Xelebrea, ezta? Platonez esan ohi dena zera da: zerbait ikaspen atera, zerbait irakatsi. Nirean, ordea, ez da ondorio garbirik ateratzen. Hasieran jarrera garbi-antzekoak ageri dira elkarrizketan ari diren hiru pertsonaien arteko jardunean, bai pandemiari buruz, bai honetaz eta hartaz, bai bitartean gertatzen direnei eta zaizkienei buruz, baina, bizitza eta mundu errealean ohi den moduan, iritziak eta jarrerak lausotu besterik ez dira egingo denborak eta gertaerek aurrera egin ahala”, azaldu du segurolak.

Eleberrian, beraz, ez dago narratzailerik, kontatzailerik, ez orojakile ez bestelakorik. Idazleak argitu duenez, “elkarrizketan ari dira neska gazte, gizon heldu eta mutil gazte bat, euren bizitza propioetan gertatzen direnei buruz solasean, eta 2020ko martxoko bizi-etenaz geroztikako munduaren berri ematen dute, sasoi xelebre eta ustekabekoena gertatu den honetan. Haietako bi, “kritiko” dira (‘negazionista’ edo ‘konspiranoiko’, kaleko hizkeran) pandemiarekiko, eta bestea ‘ofizialista’. Hortik aurrera, gauzak gertatzen dira, eta, orrialde eta gertaeren joanean, lausotu egingo dira hasierako jarrera gotor horiek”.

Editoreak azaldu duenez,  “eleberrian bada heriotzarik, bada sexurik, baita euskal gatazka deitzen den horren nolabaiteko presentzia ere, “baina, batez ere pentsamenduaren bilakaera dago, eboluzioa, elkar eraginez pertsonaia bakoitzarengan sortzen diren zalantzak eta horiei ematen zaizkien irtenbideak”.

Editoreak geitu duenez, “argudioak ematea eta norberaren ideiak oinarri sendo baten gainean eraikitzea demodé dagoen honetan, Koiteretzia-ko hiru pertsonaiek argudioak elkarri emanez eraikitzen dute arrazoibide partekatua. Ziurgabetasunaren aro honetan, ziurtasun askotan merkearen arriskuez ere ohartarazten gaituen eleberria da”.

Egileak ahozkotasuna, ahozko hizkera lantzen du, bereziki, “ez, inola ere, eredu bat proposatzeko”, azaldu du; “bai, ordea, kontakizuna naturaltasunez eta euskal belarriarentzako modu akaso gozagarriagoan ontzen saiatzearren”.

Hortik dator, baita ere, izenburua. Horra, adibidez, pertsonaietako batek koiteretzia hitzari buruz dioena: “Covid-19 izen ofiziala hartzen duk, eta esan kobitemeretzi axkar-axkar bi edo hiru aldiz, eta aterako zaik, edo neri behintzat ateratzen zaidak koiteretzi, eta horixe pentsatu diat erabiltzea gaitz hau izendatzeko”.

Zabaldu: