Akademiaren Jagon saila arduratu da egitasmoaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede, “ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez”.
Euskaltzaindiak Euskararen Gogoetagunea aurkeztu du jendaurrean. Jagon sailaren barruan kokatzen da egitasmoa, eta proiektu berriaren gogo-nahiak ondo azaldu ditu Jon Sarasua irakasle, ikertzaile eta Gogoetagunea-ren koordinatzaileak: “XXI. mendeak galdegai berriak ekarri dizkio euskararen bideari, eta une honetan norabide-krisi baten zantzuak bizi ditu. Abagune honetan, euskararen inguruko iritzi argitaratuak dibergentzia handi samarra agertzen du egoerari buruzko balorazioan, analisi eta planteamenduetan. Egoera honen erdian, elementu baten falta sumatzen da: bisio edo etorkizun-ikuspegia, eta horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusien marrazkia. Neurri batean, horretara dator egitasmo hau, arnas luzeko estrategiak marraztera, etorkizun-ikuspegiarekin”.
Gogoetagune berriak badu koordinatzailea: Jon Sarasua bera, badu idazkari teknikoa: Ibon Usarralde, bai eta hamar lagunez osatutako kontraste-taldea. Gainera, etorkizunerako asmoak ere badira: “Hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera bildu nahi ditu guneak, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez”, esan du Sarasuak. “Zeregin horretarako altzo egokia da Euskaltzaindiaren Jagon saila, berezkoa baitu eztabaidarako eta gogoetarako joera. Orduan, bai, erakunde publiko, gizarte-erakunde eta gainerako eragileei dagokie haiek politikak erabakitzea, baina guk norabideak ikusten lagunduko diegu, Gogoetagunearen emaitzak beraien eskura jarriz, gizartearen eskura jarriz”, gaineratu du ikertzaile gipuzkoarrak.
Praktikotasun horri eutsiz, Euskararen Gogoetagunea-ren lehen emaitza agertu du Sarasuak jendaurrean, hain zuzen, Euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun ikuspegia ponentzia. Bigarren ponentzia bat ere ondu dute gunearen kontraste-taldean, hain zuzen, Euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia, Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratuta. “Datorren urteari begira, beste bost ponentzia mahaigaineratuko ditugu, eta aurrerago beste sei-zazpi. Ondoren, kontraste-taldean aztertu, hobetu eta onartuko dira eta gero plazaratu, eztabaida publikorako baliagarri izan daitezen”, adierazi du Sarasuak.