(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak Jon Casenave hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu du

Beñat Oihartzabalen hutsartea beteko du Casenavek. Orain, hizkuntzalari lehunztarrak zortzi hilabeteko epea du sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Euskaltzain osoek bozketa egin dute Beñat Oihartzabal emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Jon Casenavek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Euskararen Akademiak gogoratu duenez, “Oihartzabal emeritu izatera igaro zen martxoan (hain zuzen, 75 urte bete zituen martxoaren 17an), eta hilabete horretan bertan zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea”. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek maiatzeko Osoko Bilkuran, Jon Casenave, eta euskaltzain oso hizkuntzalari lehunztarra izendatu dute.

Orain, zortzi hilabeteko epea izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.

Jon Casenave Lehuntzen jaio zen, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibertsitatea) eta Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017). Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuetatik honako hauek nabarmendu ditzakegu: De l’article de presse à l’essai littéraire (2002, UNED); Euskal literaturaren historiaren historia (2012, Utriusque Vasconiae); eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? (2021, Euskaltzaindia) liburuak idatzi ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna