Lizardiren olerki guztiak idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu Karlos Otegi liburuaren paratzaileak. Euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskaintzea da helburua.
Aurten, liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztuko du Euskaltzaindiak Durangoko Azokan: Lizardiren poesiaren antologia. Abenduaren 9an aurkeztuko da jendaurrean, goizeko 11:30ean, eta ekitaldian Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkariak, Bakartxo Urruzolak eta Karlos Otegi liburuaren paratzaileak parte hartuko dute.
Antologia berriak orain arte publikatu diren poema guztiak biltzen ditu, eta, horrez gain, berriki berreskuratu diren beste bi olerki: Habiatxo eta Goiz-ibiltze. Gainera, Karlos Otegik idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak, euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskainiz.
Lizardiren antologia baina, ez da Euskararen Akademiak inprentatik atera berri duen bakarra, beste liburu batzuk ere izango dira Euskaltzaindiaren Azokako erakusmahaian. Besteak beste, oraintsu Baionan aurkeztutako Margarita Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak (Ixabel Etxeberriak paratua), Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera (Lazaro Echegaray eta Koldo Somokuetok paratua), Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (2022ko Jagon jardunaldiaren emaitza), Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811 (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerlana), Creación, traducción, autotraducción (Olga Anokhina – Aurelia Arkotxa) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren bosgarren argitalpena.