Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria kalean da

Webguneak eta paperezko edizioak bi atal nagusitan banatu dituzte edukiak: 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoak, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzakoak.

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Hego Euskal Herriko 100 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk baino gehiagok. Bai webguneak, zein paperezko edizioak itxura berriak estreinatu dituzte, eta produktuak bi atal nagusitan banatuta daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuena, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuena. Erabiltzaileari lana erraztea du helburu katalogoak.

Paperezko edizioak 64.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 64.000 aletik gora Hego Euskal Herrian. Azken urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. “Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari”. Hala, ere, paperezko edizioak ez ditu jasotzen Katalogoa.eus atarian dauden 2022ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Webgunea maiztasunez eguneratzen da, argitaratzen diren produktu berriak sartuz eta deskatalogatu direnak kenduz. Orain 8.000 produktu inguru biltzen ditu bi atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, webguneak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko aukera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

Zabaldu: