(argazkiak: Patxi Gaztelumendi)

Euskaltzaleon kezkak kulturgintzan

Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean 40 lagun inguru batu dira asteon Bilbon, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

Lau hitzaldi nagusiren inguruan ardaztu zen topaketa, eta hizlariak nor bere esperientziatik abiatuta, kulturgintza eta euskalgintzaren bidegurutzeaz aritu ziren. Elgoibar, Iruñea, Bitartekaritza edo Komunikazioa izan ziren landutako gaiak. Jendearen aldetik interakzio eta parte-hartze handirik egon ez bazen ere, Topaguneak positibotzat jo zuen ekitaldia, aurrerantzean landu beharreko inflexio puntu bezala, buruan zerabilten ideia asko bota zirelako topaketan.

Erakunde ezberdinen agurrarekin, Eusko Jaurlaritzatik Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Xabier Arauzok beraien kezkak eta egitekoak azaldu zituzten Topaldiako aurkezpenean -nahiz eta bertako gogoetak entzuteko aukerarik ez zuten izan gero-, eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak gaia euskalgintzaren ikuspegitik kokatu zuen. Mirari Martiarenak egin zituen gidoilari eta aurkezle lanak, umore puntua gehituz aurkezpen eta tarteetako solasaldiei.

Euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko lau lan-ildotan aritzea ezinbestekotzat jo du Topaguneak. Sormenerako baliabideak batetik, espazioak sortu eta sustatu beharra funtsezkoa da euskara elkarteen federazioarentzat. Kulturgintzarentzat plazak sortu eta mantentzea beharrezko ikusten du, publikoarentzat erreferentzialtasuna irabaziz. Ikusle eta zale gehiago behar ditu euskal kulturgintzak, horretarako ikusleen eta sortzaileen arteko harremana sustatu beharra ikusten da eta azkenik komunikazioan eta transmisioan arreta jarri, kalean, jendartean, belaunaldi berrietan, hezkuntza arautuan eta ez arautuan. Horiek izan dira orain arteko Topaldietatik ateratako ondorio nagusiak.

Topaldiak halaber, euskal kulturgintza eta euskalgintza uztartu eta aktibatzeko beharra nabarmendu zuen, eta bidegurutzean elkartutako esperientzia eta gogoetak ondorio hori ekarri zuten ekitaldia amaitzerakoan.

Elgoibarko diagnostikoa

Elgoibarko Izarra euskara elkartearen eskariz Gorka Arrese zarauztarrak parte hartu zuen. 2020ko otsailean jaso zuen enkargua, eta Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintzaren egoera aztertzea zuen helburu bere lanak. Moldatu ziren Gorka Arrese eta Imanol Larrañaga. Herriaren ezagutza zuen Larrañagak, eta azterketa egiteko planteamendua eta gidoia Arresek. 50 galdera luzatu zizkieten eragile, elkarteetako kide eta hainbat norbanakori. Guztira 1900 erantzun jaso eta 180 orrialdeko liburu zuria osatu zuten, Elgoibarko egoeraren diagnostikoan. Ondorio nagusi bat: “Euskaren erabilera ez da zabalduko, kulturaren praktika bizkortzen ez bada”. Musika eta dantza nagusi diren herria da Elgoibar, minoritarioagoak dira ordea bertsoa, literatura, antzerkia edota kantagintza. Elgoibarko Izarra elkartea eta Barren hedabidea dira kohesio sare nagusiak, eta elkarren berri gutxi dute sortzaile, talde, elkarte eta erakunde ezberdinen artean. Leku komun baten, kontseilu baten edota bulego baten falta sumatzen da eta ez dago azken urteotako jardueraren deskribapen, kontakizun edo maparik. Horregatik, hainbat proposamen egin dituzte: Kulturaren bilgunea sortzea, azken 20 urteotako historia kontatu eta transmititzea, txanda pasatzea gazteagoei, zubigile edo ararteko figura bat sortzea eta industria eta kulturaren arteko harremana estutzea, besteak beste.

Kultur bitartekaritza

Artaziak kooperatibako Ane Revueltas eta Andrea Arrizabalaga izan ziren taulara igotzen hurrengoak. Kultur bitartekaritza hartu zuten hizpide. Eta horretarako beraien kooperatibatik bideratutako hainbat lan eta enkargu jarri zituzten adibide bezala. Instituzioak, kultur erakundeak eta herritarren arteko mediazioa hartu zuten berbagai Ane eta Andreak. Artaziak hezkuntza artistikoa eta bitartekaritza kulturalean aritzen den gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Praktika eta metodologia artistikoak, ezagutzen partekatzea, eta eraikuntza eta eraldaketarako tresna baliagarriak diren ikasketa-prozesuak bultzatzen dituzte nagusiki.
Jarritako adibideen artean, Donostia 2016rako egindako interbentzio ugari azpimarratu zituzten, eta aipatzekoa da Mugalariak proiektua, non mugaz bi aldeetako kulturgileak batu zituzten dantzaren inguruan, esaterako.

Ekialdeko Zepa

Fanzine bat eskuartean zutela hurbildu ziren Bilborockera Ion Zelestino jazz musikaria eta musika beltzaren maitalea eta Iñaki Sagardoi txantrearra, txistulari, dantza taldeko kide eta Laba sareko militantea egun. “Ekialdeko Zepa” birus kutsakorra omen da, transmisioan jarri dute indar guztia, eta Iruñerriko kontrakultura adierazten du.

“Musika beltza izan da nire obsesio nagusia” esanez aurkeztu zuen bere burua Broken Brothers Brand Band taldeko kide ere baden Zelestinok. “Bizi dugun mundu hau eta kapitalismoa ez da ulertzen ahal, esklabutza aipatu gabe”, zehaztu zuen, musika beltzaren jatorria eta indarra adierazteko modu grafikoan. Musika beltza komunitate bati eta bere arazoei lotua dagoen gisa berean, Zelestino musikaria ere horretan saiatzen da, eta bertsoak, dantzak, antzerkiak eta musikak bat egiten duten Iruinkokoa azaltzen saiatu zen arretaz ari ziren entzule kulturzale eta euskaltzaleen aurrean.

Iruinkokoaren bidegurutzean topatu zuen Iñaki Sagardoi txantrear txistularia ere. Institutu garaiko uneak gogorarazi zituzten -erdaraz iraultza egin nahi zuten ikasleak eta euskaraz bizi nahi zuten eta isilik zeudenak parez pare-. “Erdaraz borrokatzen zuen txantreanoa nintzen ni”, aitortu zuen Sagardoik. Eta Txantrea auzotik Iruñeko jauzia txistuaren eta dantzaren bidez egin geroztik, dantza taldea ahalduntze eskola euskaldun bezala definitu zuen. Iruinkokoan, Laban edo beste hainbat proiektu ez dago ulertzerik beraientzat, euskarak eta euskal kulturak orohar jasaten duen egoera aintzat hartu gabe. Otsailaren 27rako hitzordua egin zuten biek, Iruinkokoa inauterietako egunaz gozatzeko alegia.

Komunikazio egokia

Josu Bergara musikari eta publizistak komunikazioari buruzko solasaldia egin zuen. Grafikoki koloretsuena eta adierazgarriena izan zen aurkezpena izan zen… pantaila erraldoian koloreak, esaldiak, irudiak eta bestelakoez lagunduta, komunikazio on baterako hamaika gomendio eman zituen Burutü agentziako arduradunak. Etxe bat finkatzeko oinarria marka dela aipatu zuen. Mundu digitaleko joera berriei so egiteko aholkua luzatu eta publikoak identifikatzea iradoki zuen. Publikoa zehaztea bezain garrantzitsua da Bergararentzat helburuak ere ondo ezarri eta finkatzea. Horrez gain, egiten denaren ezaugarriak eta balioak ondo zehaztu eta mezua ondo lantzea aholkatu zuen. Unibertso grafikoari eta koloreei sekulako garrantzia eman eta sortzen diren euskarrien arkitektura zaintzeko azpimarratu zuen. Erakargarri izatea da helburua, aurrekontu egoki batekin eta bakoitzaren mezua berezia eta ezberdina izatea da helburua.

Komunikazioa, kultura, bitartekaritza, zubigileak, euskalgintza eta kulturgintza. Batzuek eta besteek esandakoarekin pozik agertu ziren bukaeran antolatzaileak. Faltan bota zen Bilbo bertako proiektuen presentzia. 25 urte bete ditu euskalgintza eta kulturgintza eskutik landu dituen Kafe Antzokia. Alde zaharrean bertan Bira indartsu ari da egun. AEK-k ere badu Kalderapeko gunearen esperientzia metatua. Auzoak, euskaltzale eta kulturgileak. Euskaltzaleon kezka eta rolak aztertu eta lan ugari eta interesgarria dago egiteko, eta gozatzeko bidenabar.

 

Zabaldu: