Euskara eta euskal kultura atzerrian irakasteko formakuntza antolatu dute

Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk antolatutako ikastaroak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan atzerrian edo eremu eleanitzetan ariko diren irakasleen eta irakurle izateko interesa dutenen prestakuntzan sakontzea du helburu. Urriaren 6tik azaroaren 25era bitartean egingo da EHUren Donostiako campusean eta izen-emateak zabalik daude dagoeneko.

Etxepare Euskal Institutuak, atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza sendotzea helburu duen ikastaroaren hamargarren edizioa antolatu du EHUrekin lankidetzan. 2023ko urriaren 6tik azaroaren 25era egingo da ostiraletan eta larunbatetan, Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikinean, Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa izenpean.

Atzerrian edota eremu eleanitzetan euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan jarduten duten irakurleei, Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako tituludunei eta graduko azken urteko ikasleei dago bideratuta ikastaroa. Halaber, ikastaro honek euskara edota kultura eremu eleanitzetan landu behar duten irakasleentzat prestakuntza ere bada.  Puntako aditu eta eskarmentu handiko irakasleen eskutik, askotariko diziplinak jorratuko dituzten saioetan antolatuta egongo da ikastaroa.

Metodologia, tresna eta baliabide didaktikoak landuko dira euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan aplikatzeko, eta  Euskal Ikasketekin lotutako nazioarteko ingurune akademikoei buruzko ikuspegi zabala eta pluridiziplinarraren inguruan hausnartuko da. Ikasleei euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko oinarri sendoa emateko, Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko dira: hizkuntzalaritza, gramatika, metodologia, kultura eta zibilizazioa. Ikastaroa amaitzen duten ikasleek EHUren ziurtagiri ofiziala jasoko dute.

Zazpi asteko iraupena izango du ikastaroak, bi multzotan sailkatuta, eta 19 adituk gidatuko dituzte jakintza arlo desberdinetako saioak. Lehenengo multzoak hizkuntza izango du ardatz. Saio horietan hizkuntza ikasteko jarrera, motibazio, gidalerro eta proposamen praktikoak irakatsiko dituzte Ibon Manterola EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ikertzaile eta irakasleak, Cecilia Fernandez Gogo Elebiduna ikerlari taldeko kideak eta Kinku Zinkunegi Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren arduradunak, besteak beste. Bestalde, bigarren multzoak kultura izango du gai nagusi: euskal literatura, tradizioak, iruditeria eta pentsamendua transmititzen ikasteko metodologiak eta irizpideak emango dituzte Mari Jose Olaziregi EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano eta Artearen Historian doktoreak, eta Haritz Azurmendi Gizarte Zientzietan doktore eta Jakin aldizkariko kazetariak, beste hainbat adituen artean. Gainera, atzerriko unibertsitatetan irakurleak izan direnen esperientziatik abiatuta, proiektu pedagogikoen prestaketa eta irakurle izateko lehen urratsak landuko dira.

Matrikulazio epea zabalik egongo da, irailaren 20ra arte, ehu.eus webgunean.

Zabaldu: