Euskara hutsean dauden 30 lan berri eramango ditu EHUk Durangoko Landako gunera

Aurkeztuko diren liburuen artean ditugu, besteak beste, EHUko Argitalpen Zerbitzuak Mikel Laboa Katedra bildumaren baitan argitaratu duen Joseba Sarrionandiaren literatura edota Pako Suduperen XX. mendeko euskal pentsamendua Jose Azurmendiren talaiatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak urtero-urtero 150 lan inguru argitaratzen ditu. Horietako batzuk liburuak dira: monografiak, unibertsitate eskuliburuak, serieetan eta bildumetan argitaratutako lanak, edo kongresuetatik eta jardunaldi teknikoetatik eratorritakoak. Aldizkariek osatzen dute argitalpenen multzoa; hainbat aldizkari baitaude unibertsitate honetako funtsetan.

EHUko Argitalpen Zerbitzuak urtean zehar beste azoka batzuetan parte hartzen badu ere, guztietatik bereziena edo kuttunena Durangoko Azoka da. Unibertsitateko Hizkuntza Zerbitzuak izaten dituzte bidelagun euskal argitalpenen eztanda honetan, hango kideak arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskaraz argitaratzen diren lan guztien euskara-kalitatea zaintzeaz ere. Plaza honetarako bereziki prestatzen dira; haien helburua izaten baita ezagutza alor ezberdinetan euskaraz idatzitako edota euskal kulturari lotutako punta-puntako lanak eramatea.

EHU, beraz, euskarazko liburuz gainezka joango da aurten ere Landako gunera, euskarazko edo euskal kulturari lotutako 40 lan berrirekin, horietako 30 euskaraz idatzitakoak.

Zehaztu dutenez, “Durangon plazaratuko ditugun lanetako bederatzi unibertsitateko eskuliburuak izango dira, horietako bi Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratuak: Euskal gizabidearen emarian, Jon Mentxakatorre Odriozola eta Andoni Eizagirre Eizagirre; eta Asier Barandiaran Amarikaren Amerika eta diaspora euskal literaturan. Hamalau monografia berri eramango dituzte Azokara, eta serie eta bildumetan argitaratutako hamabost lan berri”.

Aldizkari zientifikoen azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak azokara: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 47. zenbakia eta ale berezia; eta Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo (Euskal Filologia, hizkuntzalaritza eta literatura) aldizkariaren 58-2 zenbakia.

Argitalpenen aurkezpenak Durangoko Azokan

Hilaren 5ean, 19:30ean, Euskal Literatura sailean argitaratu den Ahotsak gorpuztuz. Euskal emakumezkoen literatura (1970-1985) liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuaren editoreak izan dira Jon Kortazar Uriarte eta Paloma Rodriguez Miñambres. Argitalpenak euskal emakumezkoen literaturari buruzko azterketa zehatza eskaintzen du, kontuan hartuta 2018. eta 2022. urteen artean euskal emakume idazleek lau aldiz irabazi zutela sorkuntzako Euskadi Saria.

Abenduaren 7an, berriz, 13:30ean EHUko Argitalpen Zerbitzuak Mikel Laboa Katedra bildumaren baitan argitaratu duen Joseba Sarrionandiaren literatura izango da. Bitakora kaiera lanaren aurkezpena. Lan honen editoreak izan dira Nerea Eizagirre Telleria eta Mikel Ayerbe Sudupe. Sarrionandiaren literatura-sorkuntzaren gaineko lan monografikoa da liburua. Hainbat egileren artikuluak jasotzen dira bertan: batetik, tonu pertsonalagoa duten edo idazlearen bizi-ibilbideari ere erreparatzen dieten lanak; eta bestetik, kutsu akademikoagoa duten beste zenbait artikulu; hala nola itzulpengintzaren garrantzia, haur eta gazte literatura, ipuinen berridazketak, dekolonitatea, itsas iruditegiaren sinbologia eta Iurretako idazlearen literaturaren bereizgarri diren bestelako hainbat gai jorratzen dituztenak.

Egun berean, baina arratsaldeko 19:00etan, Jose Manuel Gutierrez Bastidak editatu duen Hezkuntza ekosozialeko hiztegia liburuaren aurkezpena egingo dute. 2022an sortu zen Hezekos (HEZkuntza EKOSoziala) elkartea, ekodependentziaz eta interdependentziaz jabetzen diren hainbat pertsona aktibok osatua. Elkarte honen helburua da euskal gizartean hezkuntza ekosoziala aldarrikatzea, sustatzea eta garatzea; eta testuinguru horretatik sortu da hiztegi hau. Argitalpena ez da bakarrik terminoen definizio hutsa, planetarekin dugun harremanari buruz hausnartzeko gonbidapena ere bada.

19:30ean, berriz, Naiara Bilbao-Quintanak Arantzazu Lopez de la Sernak eta Urtza Garay Ruizek koordinatu duten Ikaslab: etorkizuneko ikasgelaren kontzeptualizazioa eta garapena Euskadin liburuaren aurkezpena izango da. Ikas-espazioak hezkuntza-berrikuntzako prozesuen funtsezko atal gisa birpentsatzeko beharretik sortu den lana da.

Hauek guztiak argitalpen batzuk bakarrik baino ez dira, Durangoko plazan liburu gehiago aurkitu ahal izango dira EHUren erakusmahaian: GATEPACeko Ipar Taldea. Inguruabar politikoak (Lauren Etxepare Igiñiz – Arte Textos seriea.), XX. mendeko euskal pentsamendua Jose Azurmendiren talaiatik (Pako Sudupe Elortza- Filosofia seriea), Kultura gerra zibilean (1936-1939) (Patxi Juaristi Larrinaga eta Beatriz Zabalondo Loidi (koord.) – Gabriel Aresti Katedra bilduma), Liburu artean ibiltzea. Irakurketa literarioa eskolan (Teresa Colomer Martinezen lanaren itzulpena), Komunikazioa irakaskuntzan: ikerketa eta jardunerako proposamenak (Maria Victoria Unamuno Garate eta Lorea Unamuno Goiriena), eta beste hainbat lan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna