(argazkia: EuskarAbentura)

EuskArabentura martxan da

Euskal Herriko eta diasporako 127 gaztek ia 400km luze dituzte aurretik eta 27 herri eta beste hamaika eduki ezagutzeko parada izango dute

EuskarAbentura 2024 espedizioak bideari ekingo dio gaur eta antolatzaileek dena prest dute, “127 Jzioquitarrak prest ditugu eta, azken asteetan ikusi moduan, baita lan taldeko kideak ere! Motxilan ixteko falta diren azken gauzatxoak, urduritasuna, azken uneko zalantzak…. denak aski arruntak hilabeteko espedizio nomada baten aurretik”, adierazi du antolakuntzak.

Atharratzen batuko dira gaur. Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik goizean goiz abiatuko diren autobusek, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazteak jaso eta 12:30ean espedizioari elkarrekin emango diote hasiera. “Euskal Herriko eta diasporako 127 gaztek ia 400km luze dituzte aurretik eta 27 herri eta beste hamaika eduki ezagutzeko parada izango dute. Dena euskaratik eta euskaraz! Beste behin izugarria izango da!”, nabarmendu du antolakuntzak.

Oraingoan, gazteek 27 herritan pasako dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruñea, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Hauetatik eta beste hainbeste herrietatik zeharkatuko du marea laranjak Euskal Herria.

Gazteekin batera, 30 lagunek osatutako lantaldea izango da espedizioan: bi koordinatzaile, hamar xerpa (begirale), lau xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, hiru mediku, bi erizain, bi gidari, euskara teknikari bat, bi argazkilari, kamera bat eta komunikazio arduradun bat.

Orain arte egindako lanaren babesa da EuskarAbenturak UNESCOren 2024ko  babesletza jaso izana. Ez da lehen aldia, 2020. urtean ere jaso zuten aitortza. “Horrelako errekonozimendu zein sariek lanean jarraitzera animatzen gaituzte”, aitortu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna