Jalgi Hadi! jarri diote izena proiektuari eta Korrikak lotzen dituen zazpi lurraldeen bitartez euskararen iragana, oraina eta etorkizunari buruz hausnartu nahi dute.
Mirokutana ekoiztetxeak eta AEK-Korrikak Jalgi Hadi proiektua jarri dute martxan. Helburua euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen dokumentala diruz laguntzea izango da. “ Jalgi Hadi izeneko Crowdfunding kanpaina abian jarri dugu, euskarari eta Korrikari buruzko ikus-entzunezko bat zabaltzeko eta sustatzeko”, adierazi dute. Kanpainak apirilaren 25era arte iraungo du, eta Goteo plataformaren bitartez bideratuko da.
Sustatzaileek adierazi dutenez, ez dago inon idatzita, baina euskaltzale guztiok egin dugu irakurketa bera. Euskara bidegurutzean aurkitzen da berriz eta euskaltzaleok berpizkunde berri bat abiatu behar dugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan. Horretarako, eragile guztien arteko eztabaida irekia behar dugu, elkarri entzun, eta batu. Eta ez da ezer metatzaileagoa Euskal Herrian Korrika baino. Kezka hauekin abiatu dugu “Jalgi Hadi!” filma”.
Bihotza eta burua
bihotza eta burua elkartuko dituen proiektua izatea nahi dute Mirokutana ekoiztetxeak eta AEK-Korrikak: “alde batetik, bihotza dugu, denen gorputza dantzan jartzen duen Korrika barrutik ezagutuko dugu. Korrika posible egiten duen taldea jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egingo diegu, Korrikaren emozioa lehen pertsonan bizitzeko. Bestetik burua, soziologo, antrolopologo, hizkuntzalari, kulturgile, politiko eta beste hamaika euskaltzaleren topagune bihurtuko dugu filma. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko”.
Dokumentala, bereziki, euskal komunitateari dago zuzendua. Ez soilik euskal hiztunei, euskara maite duten orori baizik. Euskara bizi(rik) ikustea nahi duen orori zuzendutako ikus-entzunezkoa da.