Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak euskarak unibertsitatean duen balio ofizialari buruz idatzi duen iritzi artikulua:
UEUren 54. Udako Ikastaroen hasierako ekitaldian euskarak unibertsitatean duen balio akademikoa aztertu dugu, UEUrentzat gai estrategikoa izateagatik.
Bertan azaldu genuen moduan, Euskal Herri osoko unibertsitateetan egoera ez da pozgarria. Irakaskuntzan, desoreka handia dago. EAEn, batez ere EHUren eskutik (eta maila apalagoan, Mondragon Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean), graduak euskaraz ikasteko aukera zabala dago, baina oraindik ere titulazio guztiak ezin dira euskaraz ikasi. Nafarroan, gradu batzuk ikas daitezke euskaraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik. Ipar Euskal Herrian, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean (UPPA), euskarari loturiko ikasketa bakan batzuk bakarrik daude. Masterren mailan, Euskal Herri osoa aintzat hartuta, jakintza-arlo desberdinetan euskaraz dagoen eskaintza oso urria da, eta master gaitzaileen kasuan, zabalagoa.
Dena den, ikerketa zientifikoan, alegia, sorkuntzan zentratu genuen begirada. UEUk kudeatzen duen Inguma ekoizpen zientifikoaren datu-baseak jasotzen dituen datuak itxaropentsuak dira: jakintza-arlo desberdinetan lanean ari den euskal komunitate zientifikoan 14.400 egile, 48.657 dokumentu eta 221 erakunde daude katalogatuta une honetan. Euskaraz egiten diren doktorego-tesien kopurua ere gorantz doa. Baina Inguma datu-baseari buruzko ikerketak erakutsi zuen moduan, datu oso kezkagarri bat dugu begi-bistan, izan ere, azken urteotan, euskaraz ekoizten den produkzio zientifikoa gainbeheran doa (euskaraz argitaratzen diren unibertsitate-mailako artikulu zientifikoak eta liburuak). Zergatik?
UEUn hipotesia argi daukagu: euskarak unibertsitatean balio ofizial gutxi duela uste dugu. Unibertsitario euskaldunek karrera akademikoan aurrera egiteko, hobeto baloratzen diren hizkuntzetan argitaratzen dute: ingelesez, gaztelaniaz edota frantsesez. Hor dago koxka. Eta txalogarria da ikertzaile euskaldunek egindako lan gehigarria; hizkuntza hegemonikoetan argitaratu ostean, tartea eskaintzen diote euskaraz argitaratzeari, euskararen aldeko kontzientziak eta militantziak bultzatuta. Txalogarria, baina logika horrek atzera garamatza, euskara unibertsitatean, kostata, loratu zen garaira, 1970eko hamarkadaren ingurura.
Gaur egun, Euskal Herriko unibertsitateak ebaluazio-agentzia desberdinen esparruan daude. Ipar Euskal Herrian, HCÉRES; Nafarroa Garaian, ANECA (Espainiako estatukoa); eta EAEn, Unibasq. EAEn, euskara aintzat hartzen da, meritu gisa nolabait, irakaskuntzaren arloan. Ikerketaren arloan, ordea, Euskal Herri osoan euskaraz argitaratzen denak oso balio eskasa dauka, hutsaren hurrengoa. Jakin badakigu ingelesa bihurtu dela mundu-mailan unibertsitate-esparruko lingua franca. Baina ANECAk gaztelaniaz ekoizten denari ematen dion balioa ez dugu ikusten inondik inora euskarari Hego Euskal Herrian ematen dionik. Ez da onargarria, are gehiago euskara ofiziala den esparruetan.
Zientzialari onak ala zientzialari euskaldunak nahiago ditugun galdetzen badigute, dikotomia faltsu hori gainditu eta Euskal Herrian zientzialari euskaldun eleaniztun bikainak ditugula erantzun beharko genuke, asko baitira.
Zorionez, badaude esperantza ematen diguten egitasmoak nazioartean. UEU CoARAko kide da (Coalition for Advancing Research Assessment). Bertan hizkuntza-aniztasuna aldarrikatzen da ikerketan, hizkuntza gutxituei beren tokia aitortuz eta bertan gure ekarpena egiten ari gara. Horretaz gain, Euskaltzaindiarekin ere elkarlanean ari gara alor honetan, kezka konpartitua dugulako.
Euskararen herrian, euskarak unibertsitatea behar du, eta unibertsitateak euskara behar du. Ikuspuntu soziolinguistikotik zein zientifikotik begiratuta, euskarak epe luzera bizirik iraun dezan eta osasuntsu egon dadin faktorerik erabakigarrienetako bat delako. Hizkuntza bat etxean, kalean edo tabernan baino hitz egiten ez bada, hizkuntza folklorizatu edo soilik komunitario bihurtzen da. Unibertsitatean sartzean, ordea, hizkuntzak bere burua behartu eta eboluzionatu behar du fisika kuantikoa, nazioarteko zuzenbidea, neurokirurgia edo adimen artifiziala azaldu ahal izateko. Unibertsitateak terminologia tekniko eta akademiko berria sortzen du, hizkuntza XXI. mendean baliagarria izan dadin eta zaharkituta gelditu ez dadin. Horretaz gain, berezko hizkuntzan ikertzen denean, zientzia demokratizatu egiten da eta hurbilago egoten da gizartearengandik. Azkenik, laborategietan eta unibertsitate-sailetan sortutako ezagutza zuzenean bere hizkuntzan tokiko gizarteari itzultzea ahalbidetzen du, doktorego-tesien, artikuluen eta dibulgazioaren bidez.
Euskararen herrian, euskara gutxietsia dago pentsamenduaren eta sorkuntza zientifikoaren gunea den unibertsitatean. Ez dugu egoera anomalo hori normalizatu nahi. Euskalgintzaren Kontseilua euskararen pizkundea aldarrikatu eta sustatzen ari den tenore honetan, guk pizkunde akademikoari ekin diogu.
Jardunaldian esan genuen moduan, we can speak english, nous pouvons écrire en français, y trabajamos en castellano en la universidad. Ez daukagu hizkuntza etsairik, denak dira aberasgarriak. Baina guk euskararen lekua aldarrikatu nahi dugu unibertsitatean. Horren alde lanean jarraituko du UEUk, elkarlanean.
Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendaria, UEUko Talde Eragilearen izenean