(argazkia: Euskaraldia)

Euskaraldiaren hirugarren edizioak gizartean finkatzen ari dela erakutsi du

161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. Entitateei dagokienez, guztira 6.634k eman dute izena aurtengoan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa bukatzen den egunean bertan bildu dira ekimenaren koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak ariketaren inguruko balorazioa egiteko.

Lehen ediziotik, 2018tik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18an hasi zen hirugarren aldi honek ere hori izan du helburu nagusia. Lehen hitza euskaraz egitea, ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzea, elkarrizketa elebidunak praktikatzea eta euskara erabiltzeko gune babestuak sortzea dira partaideei Euskaraldiak proposatzen dizkien ariketak.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, milaka lagunek egin dute ariketa praktikoa, eta Euskaltzaleen Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak Euskaraldiaren hirugarren edizioaren balorazioa egin dute: Azaldu dutenez, “bukatzear den edizio honetan, Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela uste dugu. Aurreko bi edizioetan herritar eta entitateen hizkuntza praktikatan eragiteko proposamen berriak ekarri zituen ekimen berritzaile honek eta oraingoan, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu”, Euskaraldia gizartean oso barneratuta dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamena dela diote antolatzaileek, “edizioz edizio ari gara bide hori urratzen. Herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari dira”.

Bestalde, Euskaraldian parte hartzea ere egonkortze bidean dagoela ikusi dute antolatzaileek hirugarren edizio honetan. “Gure kalkuluen arabera, aurreko edizioaren parte hartze kopuruan gaudela esan dezakegu”. Izan ere, 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute aurtengo edizioan. “Oso datu ona iruditzen zaigu, pentsatu behar baitugu herritar horiek guztiek, hartu dutela tarte bat izena eman edo beraiek parte hartzea berresteko eta hori itzela da. Uste dugu aurreko edizioan izena eman zuten askok ere parte hartu duela berretsi gabe. Herriz herri lanean egon diren batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera antolatutako banaketa puntuetara. Baina, aldiz, pertzepzioa dugu, jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean. Hala ere, aipatutako guztiak kontuan hartuta eta lehenago esan bezala, aurreko edizioko parte hartze kopuruetan gaudela esan dezakegu”.

Ariketan parte hartu eta txapa jantzi dutenez haratago ere izaten du eragina ariketak, “txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakite zer den Euskaraldia, eta gehienek gogo onez hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura”.

Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere geroz eta hobeto ulertzen dela uste du antolakuntzak, eta ariketak bilakaera oso positiboa izan duela azken edizioan. “Guztira 6.634 entitatek eman dute izena aurtengoan eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. Gainera, aurreko ariketetan iritsi ez ginen eremuetara iritsi gara aurtengoan. Egia da, baita ere, aurreko edizioan baino egoera hobean egin dela ariketa. Aurreko edizioan abiatu genuen entitateekin lana, berria eta berritzailea zen proposamena, eta aurtengo edizioa baldintza egokitan eta ezagutza maila handiagorekin egin ahal izan da ariketa. Entitateetako zuzendaritzek ekimena babestu eta neurri zehatzak hartzeko apustua egiten duten kasuetan, aldaketa esanguratsuak emateko urratsak ematen hasten direla ikusten da. Esparru sozio-funtzionalean lan handia dago egiteko, baina urratsak eman dituzten entitateek erakusten dute, erabakimena dagoenean erabileran aurrerapausoak eman daitezkeela eta bide erakusle direla gainontzekoentzako”.

Aurrera begirako erronkak

Rolak gizarteratzen aurrera begira, jarraituko dutela nabarmendu dute, “lehenago aipatu dugun modura, rolen eta berauen portaeren legitimazioan urrats sendoak eman ditugu azken lau urteetan. Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude gizartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiteko momentuan”.

Hala, Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraituko dutela adierazi dute, ariketarako beharrezkoa baita. “Aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen. Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, babestuta sentitzen garelako eta estres linguistikoa murrizten zaigulako. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da”.

Euskaraldia bakarrik ez dela nahikoa ere nabarmendu dute. “Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da. Euskaraldiak behar du ediziotik ediziora norbanakook gure hizkuntza ohituretan aldaketak egiten jarraitzea eta era guztietako entitateek beraien hizkuntza plangintza eta politiketan urratsak ematen jarraitzea”.

Zabaldu: