Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Landako gunetik abiatuko da manifestazioa, 13:00etan.
Euskal Herrian Euskarazek euskalgintzako eragile nagusien adostasunarekin, orain urtebete iragarri zuen hizkuntza larrialdi egoeran geundela. Geroztik, urtebete pasa da eta euskaldunok antzera jarraitzen dugula nabarmendu du orain, “larri eta egiturazko aldaketa esanguratsurik gabe; politika publikoei erreparatuz gero, euskararen biziberritzea ez dago lehentasunen artean”.
EHEk dionez, “azken bi hamarkadatan euskal komunitatearen nazio- nahiz hizkuntza- kontzientziak ahuldu egin dira, besteak beste, jasaten dugun asimilazioak eta euskara salbatuta dagoenaren uste faltsuak eraginda. Instituzioetatik, gainera, uste horren zabalpen interesatua egin izan da. Baina, ikus genezakenez, errealitatea bestelakoa da eta euskara normalizatuta egotetik urrun dago. Euskaldunok erlaxatuta egon garen garai berean, ordea, kontrako indarrak bizkortu eta indartu egin dira eta, jada, zenbait esparrutan atzerapausoak ematen hasiak gara. Egoeraren larritasunaren kontzientzia hartu behar dugu, berandu baino lehen”.
Gero eta mundu globalizatuago honetan, “Euskal Herria ezin dugu ulertu gainerako herrialdeetatik eta joeretatik at dagoen lurralde gisa. Horiek eragina dute gurean eta, gaur gaurkoz, ez dator aldeko haize askorik. Krisi anizkoitzen garaia bizi dugu, non egiturazko arazo ugari azaleratu diren eta horiei irtenbide emateko alternatiba gisa marko eskuindarra lekua irabazten ari da. Hala, oro har, jarrera erreakzionario eta atzerakoiek indarra hartu dute, eta giza eskubide ugari zalantzan jartzen ari dira; hizkuntza eskubideak, kasu”.
Testuinguru horretan, euskara askapenerako eta justiziarako tresna gisa aldarrikatzen du EHEk, egungo sistemaren zapalkuntzak gainditzeko eta horien aurka borrokatzeko bide modura. Horregatik, “euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu. Hala, euskaltzaleen artean azkenaldian ugaritu diren diskurtso arrazista nahiz xenofobo oro irmotasunez gaitzesten jarraituko dugu”.
Erronka ugari
Azpimarratu dutenez, “euskaldun gisa erronka ugari ditugu eta horiei aurre egiteko, gabezia nabarmen bat: estatu propiorik eza. Baliabide mugatuak ditugu Euskal Herrian euskara biziberritzeko eta frantziar nahiz espainiar estatu supremazistak eta genozidak, borrokaz irabazi izan ditugun tresnak kamusten dihardute, uneoro. Horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean ezinbesteko ikusten dugu independentzia, Euskararen Errepublika”.
Horregatik guztiagatik, “baztertzen gaituzten legediei desobedientzia zein intsumiso jarrerez erantzunez eta euskaldun izatearen harrotasunaz, orain da pizkunde berri bat hauspotzeko unea; orain da esnatzeko garaia. Abenduaren 6an, euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu Durangon, 13:00etan, Landako gunetik hasita. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, Durangoko kaleak hartuko ditugu”.