Tartean, Mintzola ahozko lantegiak abiatutako zenbait ekimen bultzatuko dituzte.
“Euskaltzaindiak bertsolaritzarekin eta Bertsozale elkartearekin harreman estua izan du betidanik, eta hitzarmen honen bitartez, erakundeon arteko elkarlanean sakontzea eta elkarrekin euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasuna biderkatzea da gure nahia”, adierazi dute Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenaren harira. Akademiaren egoitzan elkartu dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendi zuzendaritzako kidea eta Idoia Trenor koordinatzailea Andres Urrutia euskaltzainburuarekin: “Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan”, azaldu du Urrutiak.
Bost urterako lankidetza adostu dute hitzarmenean; euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako, zabalkunderako, ikerketarako eta transmisiorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da elkarlan hori. Hala, bertsolaritza ezagutzera emateko egitasmoak, bertsozaletasuna indartzeko lehiaketak, ikastaroak eta antzerako ekimenak elkarrekin abian jartzeko oinarriak finkatu dira. Halaber, bi erakundeek elkarri aitortzen diote euskararen eta bertsolaritzaren inguruan egiten duten lana, eta haietan duten erreferentzialtasuna.
Urte honetarako egitasmo zehatzak ere jasotzen dira hitzarmenean. Batetik, Mintzola ahozko lantegiak abian jarritako proiektuei elkarrekin emango zaie segida: ahoz eta euskaraz egiten diren kultur diziplinak elkartzen dituzten Ahostegunak eta Ahots Baten egitasmoak, kasu. “Orobat Mintzolak saritutako ikerketa proiektuen jarraipena eta zabalkundea egingo dugu: Agustin Mendizabalen Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk eta Maider Arregiren Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak”.
Bestetik, Bertsolariek kantuan darabilten egungo hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa jarriko dute abian elkarrekin.