(argazkia: Korrika)

Euskararen herria zeharkatuko du 23. Korrikak martxoaren 14tik 24ra, Irundik Baionara

Aurtengo leloa Harro Herri izango da, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle. Omendua, bestalde, Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da.

Korrikaren 23. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur goizean AEK-k, Donostiako San Telmo Museoan. Bertan, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak aurtengo mezua, iruditeria eta leloa erakutsi ditu. Halaber, azken horri jarraikiz (Harro Herri), Korrika honen “bidelagunak” ere bildu dira ekitaldira, eta argazki jendetsua atera dute euskal komunitatearen indarra eta harrotasuna erakusteko.

Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen hasiko dela iragarri dute, martxoaren 14an; eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan amaituko da, Lapurdiko hiriburuan. Han, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.

AEK-k aurkezpen-ekitaldian gogorarazi duen bezala, “aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan”. Hala aitortu du Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak: “Korrikak herri-aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako indar-erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan”.

Hala ere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu du Balantzategik. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan duten “ardura garrantzitsua” ekarri du gogora: “Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte”. Bien bitartean, orain arte bezala, Korrikak jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.

Aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazle bikaina, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea, hain zuzen ere, Estatu frantseseko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena.

Ane Elordi Korrikako koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, “gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”. Korrikak eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza aipatu du Elordik.

Zabaldu: