Egitasmoaren berri izateko webgune bat jarri dute martxan. Honetan, ibilbideari, bertsolariei eta bertso sortei buruzko informazioa jaso dute.
Azaroaren 19an, igandea, Nafarroako Bertsolaritza Txapelketako azken finalaurrekoa Lesakan izango dela profitatuz, Oinak bidean herriko bertsolaritzaren ibilbide gidatua estreinatuko dute. Egitasmoa Lesakako bertsolaritzaren historia islatzen duen mendi ibilbide interaktibo bat da, Bortzirietako Bertso Eskolak, Irain Eskola Publikoak eta Lesakako Udalak elkarlanean osatutakoa.
Ibilbideari hasiera emateko, igandean, goizeko 11.00etan, Harriondoan elkartuko dira parte hartu nahi duten guztiekin eta ibilbidea elkarrekin egingo dute. Gainera, markatutako lekuetan geldialdiak egingo dituzte eta bertsolariekin egoteko aukera ere izango da.
Egitasmoaren berri izateko webgune bat jarri dute martxan. Honetan, ibilbideari, bertsolariei eta bertso sortei buruzko informazioa jaso dute.
Ibilbideari dagokionez, 7,5 km izango ditu eta zirkularra izango da. Lesakako Kultur Etxean hasi eta bertan bukatuko da. Lesakako bertsolaritzarekin harreman estua duten bederatzi leku lotuko ditu ibilbideak. Atal honetan ageri dira bederatzi leku horien deskribapena eta garrantzia Lesakako bertsolaritzan, ibilbidearen profila eta ibilbidearen tracka edo pista.
Bestalde, Lesakako historian topatu dituzten bertsolariak zerrendatu dituzte webgunean. XIX. mendearen bukaeran jaiotakoetatik gaur egunera arte. “Ziur gaude ez daudela izan diren guztiak, baina seguru egon dauden guztiak direla”, antolatzaileek falta direnak aurkitzen saiatuko direla gaineratu dute.
Amaitzeko, bertsolari bakoitzaren bertso sorta bat jasotzen du atari berriak, audio formatuan eta formatu idatzian.