(Argazkia: ehu.eus atariaren bidez)

Euskararen marka aztertzeko ikerketa proiektua abiatuko dute

Euskalgintzako hainbat eragilek Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera jarriko dute martxan proiektua.

Alor akademikoan, proiektu aitzindari eta berritzailea dela, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia delako azaldu dute, gaur, proiektua aurkezteko agerraldian. Bertan, Kontseilua, Elkar Fundazioa, Berria Taldea, Elhuyar Fundazioa, Aek, Emun, Ikastolen Elkartea, EHUko Nor ikerketa taldea eta Euskaltzaleen Topagunea izan dira.

Diotenez, marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak gizarteko alor guztietara zabaltzen ari dira, pertsonak, lurraldeak eta baita kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago. Halere,  nazioartean “hizkuntza markagintza” jorratu duen aurrekaririk ez dago,  eta markagintzaren aldaera berri honen kontzeptualizazioa mamitzeko eta proiektua aurrera eramateko propio eratu du unibertsitateko aditu talde batek NIK ikerketa taldea: Estitxu Garai, Irene Garcia, Patxi Azpillaga, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuria.

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak baliatuko dira eta ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin amaituko da. Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, euskararen kasurako rebranding edo marka estrategia proposamena egingo dutela azaldu du Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Egitasmoaren bultzatzaileen ustez, emaitzek euskararen erabileran eragiteko bide emango dute. “Euskara inguratzen duten narratibek eta euskarari lotutako asoziazio positiboek eragin zuzena izan dezakete berau erabiltzeko motibazioan. Izan ere, gero eta eleanitzagoak diren jendarteetan, komunikaziorako tresnak izateaz gain,  hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dute. Metaforikoki azalduta, hizkuntza bakoitza soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soineko. Euskararen soinekoa jantzita gure burua nola ikusten dugun eta nola sentiarazten gaituen, nola baldintzatzen duen soineko horrek besteek nola ikusiko gaituzten, horra hor proiektu honek landu asmo duena” adierazi du Garaik.

Zabaldu: