(Argazkia; Bertsozale.eus)

Asteburuan emango diote hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, Oñatin

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, Oñatin eta Villabonan jokatuko dira larunbat eta igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-Zortzirenak.

Datorren larunbatean, irailaren 14an abiatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatiko Santa Ana Antzokian, 17:00etan eta lehen final-zortzirenean honako seikotea arituko da kantari: Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Haritz Mujika, Andoni Mujika, Amaia Iturriotz eta Maider Arregi.

Aurkezle lanak Iban Narbaizak egingo ditu eta epaimahaiko kideak

hurrengoak izango dira: Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin arituko da.

Igandean, irailaren 15ean, berriz, bigarren saioa Amasa-Villabonako Gurea Antzokian izango da, 17:00etan eta sei bertsolari hauek izango dira oholtzan: Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu.

Aurkezle lanak Eresti Oiarbidek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga. Idazkari lanetan, berriz, Gorka Segurola arituko da. Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira final-laurdenetara eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Final-zortzirenetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Sarrerak salgai daude, dagoeneko, www.bertsosarrerak.euswebgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira larunbatean zein igandean, 16:00etatik aurrera.

Zabaldu: