Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa proposatzea da proposamenaren helburua.
Gaur, Batuz Aldatu adostasun sozialaren ehundik gora sinatzaile elkartu dira Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Bertan aurkeztu dute hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua.
Proposamen honen helburua da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa proposatzea, beti ere adostasun soziala oinarri dela.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak adierazi duenez, “itun soziopolitiko berriak euskarari etorkizuna bermatzeko hizkuntza-politikaren giltzak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzimuga bat ezartzea, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira oinarriak. Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona”.
Gaineratu duenez, “bide horretatik euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea sortzeaz gain, hizkuntza-eskubideak erabat gauzatzea lortuko litzateke, eta, ondorioz, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza eta askatasuna indartzea”.
Hizkuntza-politika berrirako giltzak
Proposamenak bost eremu nagusitan banatzen ditu euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan gizarteko sektore desberdinek dituzten erantzukizunak. Horien lehen geruzan erakundeak eta eragile politikoak ezartzen dira proposamenean. Hain zuzen ere, Itun proposamenak instituzioen ardura azpimarratzen du, hasi udaletatik eta Euskal Herria banatzen duten eremu administratibo bakoitzeko gobernuetaraino. Horrela, ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politika publiko ausart eta anbiziotsuak proposatzen dira, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kultura-politiketan eta harrera-politiketan jarriz ardatz nagusiak. Halaber, politika publikoen bidez erabilera bermatzeko guneen sorrera, garapena eta hedapena gauzatzea proposatzen da, hiztun komunitate ahaldundu bat elikatzeko bideak jartzearekin batera.
Estatusaren auziari aipamen berezia egiten zaio, Itunean jasotzen denez, euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasun-estatusa lortzea egin beharreko urratsa baita etorkizuna bermatuko duten politika publikoak sistematikoki eta iraunkorki egiteko.
Bigarren erantzukizun geruza batean, eremu ekonomikoa jasotzen da, eta horretan enpresek eta sindikatuek protagonismo berezia dute. Enpresei eskatzen zaie euskara balio estrategiko gisa txertatzea eta euskara-planak garatzea, eta sindikatuei, berriz, hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen parte gisa aitortu eta lan-hitzarmenetan jasotzea. Sektore prekario eta feminizatuetan diharduten langileei arreta berezia jartzea eskatzen zaie.
Gizarte-eragileei dagokienez, dokumentuak gogorarazten du beren erabaki eta balioek eragin zuzena dutela euskararen normalizazioan, justizia eta kohesio sozialaren ardatz bihurtzeko deia egiten die. Elkarte eta eragile sozialen ardura da hizkuntza-berpizkundea beren konpromisoen artean kokatzea, eta euskalgintzak aitzindaritza-lana mantendu behar du, baina gainerako eragile sozialekin lankidetzan.
Eremu akademiko eta kulturalari euskarazko ezagutza eta sorkuntza propioa bermatzea eskatzen zaie. Unibertsitateei goi-mailako ikasketen euskarazko eskaintza bermatzea eta ikerketa euskaraz egiteko ibilbideak eraiki ditzatela, eta kultur eragileei euskarazko kultur sorkuntza ardatzean jartzeko gonbita egiten die. Euskarazko kulturgileei, egundaino bezala, haizearen kontra aritzea den arren, euskarari unibertso bat emateko konpromisoari eustea dagokie.
Azkenik, herritarren konpromiso aktiboa da euskararen etorkizunaren berme nagusia. Euskararen normalizazioa erantzukizun zibikotzat aurkezten da, gizarte justuago eta kohesionatuago baten aldeko ekarpen gisa, eta euskaltzaletasun aktiboa ezinbesteko indar eragile gisa aldarrikatzen da.
Konpromisoak eta atxikimendu berriak
Eragile sinatzaileek lau konpromiso nagusi hartzen dituzte: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea.
Itunari atxikimendua eman nahi dioten gizarte eragile eta erakundeek kontseilua.eus/batuzaldatu helbidean sinatu ahal izango dute dokumentua.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu du abenduaren 27an Bilbao Arena milaka euskaltzalez beteko duen ekitaldi berezi bat prestatzen dabiltzala. “Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Datozen asteetan emango ditugu xehetasun gehiago”.