AEKk euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzea eskatu du. “Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Presa dugu, euskararen etorkizuna jokoan baitago”.
1980an abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, efemerideaz baliatuta, AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu zituen larunbatean, euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen. Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi zen larunbatean Ez gero, orain baizik izeneko ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza oholtza gainera igo eta lehendabiziko Korrikaren koplak abestu zituen. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu zuen hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza zuela aipatu zuen.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu zituen orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea… Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi ziene: Julen Kaltzada, Bittor Allende… baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak…
Elordik bigarren helburua aipatu zuen: aldarrikapena. “Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dago” azpimarratu du. Horregatik, larunbatean, 24. Korrikaren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu zuten urteurrena. “Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko”. Elordik argi utzi nahi izan zuen: “ez gara folklore. AEK gara. Korrika gara. Euskara gara”.
Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu zuen hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. “45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean”. Hunkituta ekarri zituen gogora berarekin batera Korrika sortu zuten “gazte zoro” haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo… eta Alvaro Gurrea. Publikoari azaldu zion Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, “baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik”, adierazi zuen; eta azpimarratu zuen nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren “alde festiboa” besterik ez ezagutzea.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok eta Xabi Gartziak lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu zituzten: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen. “AEKren estrategia herri-dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu da hastapenetatik”, adierazi zuen Gartziak. “Sorrera hartan, AEKk erakundeetatik ez zuen lortzen ez ofizialtasunik, ez dirurik”; Dirua batzeko ez ezik, euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko ere, kanpaina bat egitea pentsatu zuten. “herrikoia, irekia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko zuena”. Horrelaxe sortu zen Korrika.
Otañok larunbatean adierazi zuenez, “kontu batzuk ez dira horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu zuen helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta garai hartatik aurrerapausoak eman diren arren, aldarrikapenek berdin jarraitzen dute: “Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea”. Osterantzean, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.
Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko
Horixe da AEKren helburua, eta berori lortzeko “finantzazio iraunkorra” aldarrikatu zuen Gartziak: “Aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza-sistema gainditzeko finantzazio-eredua behar dugu; hots, gure zerbitzua osotasunean finantzatzea”. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkor baten beharra azpimarratu zuen, zeinaren bitartez posible izango den “euskara ikasteko zerbitzua doan eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta, horrela, euskara ikastea irisgarria izatea denontzat, herritar orori bermatu behar zaielako berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.
Otañok gaineratu zuenez, “euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu zuen, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu. Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko”. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEKko ordezkariek.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari dagozkion eskariak
Otañok eta Gartziak “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra” sortzea aldarrikatu zuten Oñatin; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere. Doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa; hau da, “herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2.000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako”. Euskara ezagutzeko beharra sustatzea ere azpimarratu zuten, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza-politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu zituzten: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.
“AEKn oso argi daukagu: Euskara gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?”.
Ekitaldiari amaiera emateko, aurreskua dantzatu diete omenduei eta euren senideei; jarraian, familia-argazkia egin dute AEK-Korrikako kideekin batera.