Kanbo, Senpere, Hendaia, Donibane Lohizune eta Ziburuko ikastetxeetako 5. mailako ikasleek booktrailerrak sortu dituzte euskal idazleen lanak oinarri hartuta.
Euskal Kultur Erakundeak, IKAS euskal pedagogia zentroaren partaidetzarekin, booktrailer lehiaketen edizio berria antolatu du aurten, eta bertan Lapurdiko sei ikastetxetako 5. mailako ikasleek hartu dute parte: Xalbador eta San Mixel Garikoitz (Kanbo), Kattalin Elizalde (Senpere), San-Bixente (Hendaia), Maurice Ravel (Donibane Lohizune) eta Piarres Larzabal (Ziburu).
Hiruzpalau ikaslez osatutako taldeetan, gazteek IKASek proposatutako euskarazko liburuen zerrendatik hautatutako obra bana irakurri dute. Aurtengo edizioan, bereziki euskal idazleen eleberriak izan dituzte ardatz. Hala, irakurketa horretatik abiatuta, liburua aurkezteko eta irakurlearen interesa pizteko bideo laburrak sortu dituzte: booktrailerrak.
Proiektuaren lehen fasean, irakasleek ikus-entzunezko sorkuntzarako beharrezko tresna digitalen inguruko formakuntza jaso dute. Ondoren, ikasleekin batera modu autonomoan landu dute proiektua: argazkiak atera, bideoak grabatu, soinuak bildu eta testuak idatzi dituzte, azken emaitza gisa “booktrailer sortzaile eta erakargarriak osatuz”.
EKEk azaldu dutenez, “ekimenaren helburu nagusia ikasleen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzea da, eta aldi berean euskaraz adierazteko eta hausnartzeko espazioa eskaini. Irakurketa eta sormen digitala uztartuta, literaturara modu aktibo eta parte-hartzailean hurbiltzeko aukera izan dute ikasleek”.
Lehiaketak hainbat hitzordutan egin dira: maiatzaren 20an Senperen, maiatzaren 29an Hendaian, eta azken saioa ekainaren 12an izango da Kanbon. Topaketa horietan, ikasleek gelan prestatutako lanak aurkeztu dituzte, eta beste ikastetxeetako booktrailerrak ezagutzeko aukera ere izan dute.
Lanak bi irizpideren arabera baloratu dituzte: booktrailerraren mezua eta edukia ondo ulertu diren, eta aurkezpenak liburua irakurtzeko gogoa piztu duen. Proiekzioen ostean, ikasleek euren esperientziak partekatu dituzte, eta Senpereko Kattalin Elizalde ikastetxeko ikasleek sortutako bertsoak ere entzun ahal izan dira.
Jardunaldi bakoitza sari banaketarekin amaitu da, eta talde irabazleetako ikasle bakoitzak liburu bana jaso du opari gisa, urte osoan zehar egindako lanaren eta erakutsitako sormenaren aitortza modura.