Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako 2023ko Hi(ZKI)bridoak laguntza abiatu du Euskararen Etxeak

Egitasmoak euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea eta diziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu. Azaroaren 20ra arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik.

Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren hirugarren deialdia abiatu du Bilboko Euskararen Etxeak. Laguntzak 3.000 euroko saria bideratuko du 2024ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.

Azaldu dutenez, “euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea eta diziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu Hi(zki)bridoak laguntza honek”.

Hala, euskara hutsezko kultur emanaldi berri baten gidoia eta emanaldia bera sortzea eta garatzea izango litzateke asmoa. “Aukeratutako lanaren lehenengo emanaldia 2024ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko da eta emanaldiak formatu txikian egiteko modukoa” izan beharko duela nabarmendu dute.

2023ko azaroaren 20an amaituko da lanak aurkezteko epea eta epaimahaiak abenduaren 18an emango du hartutako erabakiaren berri.

Bost kidek osatuko dute beka honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Oinarriak, hemen.

Hau gerra bat da

Iaz, Piszifaktoria Ideien Laborategiak aurkeztutako Hau gerra bat da egitasmoak lortu zuen laguntza eta ikuskizuna azaroaren 29an aurkeztuko dute Bilboko Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera.

Zabaldu: