‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan’ erakusketa ikusgai Gasteizko Artiumen

Erakusketan 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean lehiaketara aurkeztu zirenen arteko dozena bat bideo musikal daude ikusgai. Erakusketak, gainera, jaialdiarekin lotutako urte horietako dokumentazio bilduma zabala biltzen du.

Gasteizko Bideo-Musika Jaialdiko lehen sei edizioetara (1985-1990) hurbiltzen da aurtengo Komisario Berriak deialdian hautatutako Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa. Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketaren aldi kronologikoan kokatuta, 1980ko hamarkadako euskal testuinguruko praktika eta kategoria kulturalak berrikustea du helburu.

Bideoak euskal eszena artistikoarekin lotura jarraitua izan zuen 1972ko Iruñeko Topaketen ostean. Hurrengo hamarkadan, erakunde eta jaialdiak medioa barneratzen hasi ziren, eta baita horrek zekarren eztabaida, sortze prozesuak eta gogoetak ere. Horren lekuko litzateke Guadalupe Etxebarriak koordinatu zuen Donostiako Bideo Jaialdia (1982-1984).

Donostiako Bideo Jaialdiaren itxierarekin, eta Gasteizko Ikusager ekoiztetxearen laguntzarekin, antolatzaileek bideoentzako topaleku bat mantendu nahi izan zuten. Lehiaketa hutsa izateaz haratago, mahai-inguru eta proiekzioen bidez, jaialdiak nazioarte mailan sortuz zihoazen lan bideografikoak ikusarazteko elkargunea izan nahi zuen.

Lehen urteko arrakastari esker, batzordeak bigarren edizio bat antolatzea erabaki zuen. Euskal eszena artistikoaren bideoaren aldeko apustua sendotu zuen honek. Ipar Amerikako eta Europako eraginak bertaratzeko asmoa, baita telebista-plataformekin eta bideo sorkuntzaren formazio eta industriarekin harremanetan jartzeko borondatea ere.

Bestetik, Gasteizko Ikerketa eta Teknologia Berrien Zentroa (CINT) sortu izanak, eta Manuel Palaciok jaialdiaren zuzendaritza hartzeak, indartu egin zuten 1990eko hamarkadan iraungo zuen proiektu baten jarraipena eta egiteko modu berriak bereganatzeko gai izango zen hizkuntzaren aldeko joera.

Erakusketan 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean lehiaketara aurkeztu zirenen arteko dozena bat bideo musikal daude ikusgai. Erakusketak, gainera, jaialdiarekin lotutako urte horietako dokumentazio bilduma zabala biltzen du: katalogoak, erretratuak eta prentsako artikuluak, besteak beste. Zinemaldiaren iragarki-kartelak ere badaude, Mintxo Cemillan (1985), Carlos Marcote (1986), Fernando Illana (1987), Javier Hernandez Landazabal (1988) eta Juan Carlos Eguillor (1990) artistek egindakoak. 1989ko kartelaren egilea ezezaguna da.

Bestalde, Marivi Ibarrola kazetari eta erretratugilearen argitaratu gabeko artxiboko erretratu multzo esanguratsu batek ere bildu dute erakusketan. Jaialdia sustatzeko bideo batek eta Pedro Espinosa musikari eta kazetariak 80ko hamarkadan egindako aire zabaleko kontzertuen grabazio sorta batek osotzen dute erakusketa.

Erakusketa martxoaren 13ra arte bisitatu ahal izango da Gasteizko Artium Museoan. Abenduaren 26an 17.30ean eta urtarrilaren 2an, 12.30ean bisita gidatuak antolatu dituzte. Azkenik, mahai ingurua antolatu da. Mugimendu alternatiboa eta aldarrikatzailea Gasteizko kultura-testuinguruan 80ko hamarkadan gaia jorratuko dute 2021eko otsailaren 24an.

Zabaldu: