Sorkuntza mota ezberdinei bide emateko aretoa ireki dute Leitzan

Zuzeneko kontzertuak, dantza ikastaroak, erakusketak, antzerki emanaldiak eta aurkezpenak, besteak beste, antolatzeko eraikina izango dela nabarmendu du Leitzako Udalak.

Leitza herri bizia da eta sorkuntza mota ezberdinei bide emateko, erabilera anitzeko areto berri bat eraiki dute. Herri Areto honek sortzaileentzako eskuragarri egongo den espazio publikoa izateaz gain, eskaintza propioa ere izango du. Udalak deialdi publiko bidez kontratatuko duen kultur teknikariak programazio propioa garatzeko ardura izango du eta Nafarroako Antzerki Sarean sartzeko eskaera bideratuko da, izan ere, orain arte Leitzak ez zituen bertan egoteko baldintzak betetzen.

Honetaz gain, kongresuak, kontzertuak, hileta zibilak edo agurtzeko zeremoniak, dantza ikastaroak, erakusketak, antzerki emanaldiak, aurkezpenak eta abar antolatzeko eraikina izango dela nabarmendu du Udalak.

Hala, “aretoa herriarena eta herriarentzat” izango dela nabarmendu nahi izan dute. Honenbestez, eraikin honen izaera publikoa dela eta, herriko eragile eta herritar guztientzat eskuragarri egotea da helburua, bere erabilera laster onartuko den erabilera ordenantzaren bidez arautuko delarik. “Ez da itxura aldaketa soil bat izan, aldaketa sakon bat baizik: eraikinaren egitura indartu da, lurpeko biltegi eta aldagela berri bana egin da, mugikortasun oztopoak eta larrialdietarako arazoak ezabatu dira edota ekipamendu egokiaz hornitu da, besteak beste”.

Lanak 2018ko irailean hasi ziren eta duela hilabete batzuk inauguratzea espero bazen ere, pandemiak eragindako eragozpenak direla medio, ate irekiera atzeratu egin behar izan dute.

“Leitzako Herri Aretoa prest dago. Orain, sortzaile eta eragileen jardunaz, sortzeko eta adierazteko gure herriak duen potentzialtasuna askatzea da helburua”, adierazi dute.

Zabaldu: