Kultura ekoizpen zerbitzuak eskaintzen dituzten hainbat enpresak kultura eta jaietako aurrekontuak hutsik ez uztea eskatu diete erakunde publikoei.
Kultur eta aisialdi ekoizpenak programatzeko eta egiteko beste modu bat posible dela erakutsi nahi diete kultur ekoizpen zerbitzuak eskaintzen dituzten hainbat enpresak erakunde publikoei. Komunikatu bateratu baten bidez ezagutzera eman dute bizitzen ari diren krisi egoera. “Alarma-egoeraren hasieratik imajinatzen genuen, lanari uzten lehenak izango ginela eta lanean hasten azkenak. Horregatik, ez genuen ekitaldiak bertan behera uztea eskatu, ikuskizunen antolaketen atzerapena baizik, ekitaldiak kudeatzeko dinamika desberdinak genituelako buruan, eta gainera erakundeen adierazpenak ezezkoaren aldekoak izateari uko egiten genion; hots, dena hurrengo urteri begira jartzea”.
Sektoreko enpresa gehienak udaberriko eta udako behin-behinekotasunetik bizi dira batez ere, eta denboraldi edo garai horretan lan egiteko aukerak galtzen badituzte, urtea galduko luketela diote. “Sektoreko zein enpresak (batez ere ETEek, autonomoek eta kooperatiba txikiek) egin diezaioke aurre horri pertsiana itxi gabe?”
Martxoaren 14az geroztik, “euro txiki bat bera ere fakturatu gabe” daramatela gogoratu dute, baina hala ere kredituak, fakturak eta egiturazko gastuak ordaintzen jarraitzen dituztela. Nahiz eta konfinatuta egon, irtenbidea bilatzeko lanean jarraitzen dute. “Enpatia minimo bat baino ez dugu eskatzen hainbeste urtetan kultura-erakundeei bizitza pixka bat errazagoa egin dieten kultura eta ekoizpen zerbitzuetako enpresa horiekiko”.
“Udal guztiek dute enplegua sustatzeko sail edo bulego bat, baina ez dugu aparteko laguntzarik eskatzen, ezta partida berezirik ere, kultura eta jaietako aurrekontuak hutsik ez uztea baizik”. Enplegua sustatzeko modurik onena lana ez suntsitzea dela diote eta gertuko enpresei lan hori ematea. Edukiera mugatua duten ekoizpenetan lan egitera doitzea proposatzen dute, ekoizpen deszentralizatuak egitea eta alternatiba gisa bertako eta inguruko sortzaileekin lan egitea. “Gure enpresen ohiko lanari buruzko neurriak iragarri aurretik, idazkiaren izenburuaren egitatea ahalbidetzeko helburuarekin esertzeko eskatzen dugu”.
“Inoiz ez dugu hainbeste denbora izan osasun-arloari egokitutako aukera bideragarrietan pentsatzeko, eta mahai baten inguruko ideia horiekin eta erakundeen borondate argiarekin, gure lan-egoerari aurre egiteko plan bat diseinatu daiteke, eta, aldi berean, eta denon artean ‘auzolana’ espiritua duen sare bat sor daiteke, ziur gaudelako horrek zentzua duela”.
Asko dira komunikatua sinatu duten enpresak, horien artean ditugu Baga-Biga musika ideiak, Abar produkzioak edota Soinueder.