(argazkia: Tentazioa konpainia)

‘Ez naiz inoiz Dublinen egon’ antzezlana estreinatuko dute urtarrilean Donostian

Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte dira komedia garratz honen antzezleak.

 Gutxi falta da Tentazioa konpainiaren Ez naiz inoiz Dublinen egon izeneko antzezlanaren estreinaldirako. Markos Goikoleak idatzi eta Mireia Gabilondok zuzendutako obra Donostiako Antzoki Zaharrean izango du taula gaineko lehen agerpena 2023ko urtarrilaren 6an eta 7an euskaraz.

Ez naiz inoiz Dublinen egon besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. “Bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugulako, baina noraino gara gai besteenak onartzeko?”, adierazi du lantaldeak.

Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute.
Azaldu dutenez, “gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila”.

Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte dira komedia garratz honen antzezleak.

Donostiako estreinaldiaz gain, Bilboko Arriaga Antzokian izango du hurrengo geralekua urtarrilaren 10ean.

Zabaldu: