Zinegoak jaialdiak 2023ko ekainean ospatuko du 20. urteurrena

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainean egingo da, E-28ko aldarrikapenekin bat eginez.

Zinegoak jaialdiak, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuko du hainbat berrikuntzarekin. Lehen aldiz, jaialdiak bere datak mugituko ditu eta ekainean ospatuko da. Hala, otsailean eta martxoan egin beharrean, hurrengo edizioa ekainean izango da, Ekainaren 28ko aldarrikapenekin bat eginez. Antolakuntzak kultur programa bat antolatuko du hiri osoan zehar ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean: filmen emanaldiak, antzezlanak, gogoeta guneak, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta festaren bat. Zinegoak irekiera ekitaldiarekin abiatuko da edizio berrian ere, Arriaga Antzokian, eta gainerako jarduerak jaialdiaren ohiko egoitzetan egingo dira.

“Ekainean, beraz, ezinbesteko hitzordua izango dugu sexu, identitate eta genero aniztasunari buruzko zinemaz eta kultur jarduerez gozatu nahi dutenentzat”, adierazi du antolakuntzak. Halaber, jaialdiaren hedadura maiatza, ekaina eta uztaila bitartean egingo da. Aurreko urteetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 udalerrik baino gehiagok parte hartu izan dute bertan.

Gainera, Zinegoakek bilera-sorta bat abiatu du hainbat erakunde eta entitaterekin, jaialdiari babesa bilatzeko helburuarekin, 20. urteurrenari eta etorkizuneko edizioei begira.

Zinegoak 2004an sortu zen kulturaren, zinemaren eta arte eszenikoen bidez sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmoz, eta 20 urteko ibilbidean zehar, jaialdia erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean. Edizio bakoitzean bere publikoa handitu da, 2022an gertatu izan den bezala, non 35.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte jarduera presentzialetan zein birtualetan.

Zabaldu: