(argazkia: Irekia)

EZAEk ‘Zinemazale Berriak’ programa abiatuko du maiatzaren 23tik aurrera

Ikusle berriak erakartzea du helburu ekimenak. Maiatzaren 23an hasiko da, eta Zinema Euskaraz-en katalogoan dauden euskarazko filmak proiektatuko dira asteburuetan, goizeko ordutegian.

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Zinemazale Berriak programa jarriko du abian maiatzaren 23tik azaroaren 14ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin. Ekimen honekin ikusle berriak zinema aretoetara joan daitezen sustatu nahi dute. Hala, hamabi film proiektatuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamazortzi zinema aretotan.

Pelikulen proiekzioak asteburu goizetan izango dira, eta sarrerak 2,90 euroan eskuratu ahal izango dira. Hamabi film hauek estreinaldiak euskaratzea bultzatzen duen Eusko Jaurlaritzaren “Zinema Euskaraz” programaren barruan daude.

2020. urtea “gogorra” izan zela diote ekimen honen sustatzaileek eta “konpentsatzeko” sortu dutela programa azaldu dute. Iaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoek 10 milioi euroko galerak izan zituzten, 2019ko datuekin alderatuta. Izan ere, 2020an EAEn zinemara joan ziren ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen 2019ko datuekin alderatuta.

Programahau  bat dator EZAEren helburuekin, hau da, kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea. Aldi berean, euskal zinema aretoak leku erabat seguruak direla eta osasun eskakizun guztiak zehazki betetzen direla dioen mezua indartzeko balioko du kanpainak.

Guztira 18 aretok parte hartuko dute programa honetan: bederatzi Gipuzkoan (Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen); zazpi Bizkaian (Multicines Bilbao, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz); 2 Araban (Gorbeia eta Florida). Emanaldiei dagokienez, hau da behin-behineko egutegia:

  • 2021/05/23 Maya Erlea- Ezti jokoak
  • 2021/05/30 Paddintong 2
  • 2021/06/06 Asterix, edabe magikoaren sekretua
  • 2021/06/13 Nur eta herensugearen tenplua
  • 2021/06/20 Ballerina
  • 2021/10/03 Oin handiaren semea
  • 2021/10/10 Printze Txikia
  • 2021/10/17 Mr Link
  • 2021/10/24 Pokemon Pikachu Detektibea
  • 2021/10/31 Tom eta Jerry
  • 2021/11/07 Elfkins
  • 2021/11/14 Smallfoot
Zabaldu: