(argazkia: Musika Bulegoa)

Musika Bulegoa sariek Euskal Herriko 10 musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute

Korrontzi, Ander Telleria, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta Euskal Kultur Erakundea izan dira hamar sarituak.

Miarritzeko Atabal aretoan egin da Musika Bulegoa 2021 sariak banatzeko ekitaldia. Bertan, hamar musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute. Bosgarren edizio honetarako 107 proposamen jaso dira eta sarituak aukeratzeko EHMBE-k osatutako profesionaltasun eta ospe handiko zortzi kideko epaimahaiak bere epaia argitara eman du jasotako lanak zehaztasunez aztertu ondoren.

Korrontzi, Ander Telleria, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti, Sara Zozaya, eta EKE Euskal Kultur Erakundea izan dira hamar sarituak. Antolatzaileen hitzetan, “bosgarren edizio honetan kalitate handiko lanak aurkeztu dira eta proposamen gehienak disko oso bat izan dira. Musika motari dagokionez, plazaratutako lanen artean pop-rock-a, musika klasiko garaikidea, folk-a eta jazz generoak gailendu dira”. Saritutako proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte. Bestalde, EHMBE Ohorezko Sariak Mikelarenaren eskultura bat jaso du.

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Sariak, Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du. Euskaraz egindako proiektuak hartzen ditu kontuan nagusiki eta mota guztietako musika estiloak. Aurten Korrontzi taldeak jaso du sari berezi hori.

Halaber, EKE Euskal Kultur Erakundeak, EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du. Aipatu sariak Euskal Herriko musika-jarduerarekin lotutako pertsona zein erakundea goraipatzen du prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egiten duen ekarpena medio.

Hierarkia zein kategoria gabeko sariak dira honako hauek, alegia, emandako sari guztiek dute balio bera, gauza guztien gainetik, egindako lana eta ahalegina saritzen direlako. “Iazkoa ez zen urte xamurra izan, pandemiak kulturaren esparrua lur-jota utzi baitzuen eta hala ere, aurkeztutako proposamenen kopuruari begiratuz, Euskal Herriko sortzaileen kreatibitatea sano dagoela esan daiteke”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute Atabal aretora hurbildutakoek. Amaia Artetxeren gidaritzapean, sarituek, beraien zuzeneko ikuskizuna plazaratzeko parada izan dute.

Zabaldu: