‘F edo zurekin izan nuen azken ravea ‘antzezlana

‘F edo zurekin izan nuen azken ravea‘ antzezlanak irabazi du 2024ko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako saria

Bigarren saria Famiglia izeneko antzezlanarentzat izan da.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko asmoz,

2024ko Poltsiko Antzerkiaren Sorkuntzarako programak baditu irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria F edo zurekin izan nuen azken ravea antzezlanari ematea erabaki du eta, bigarren saria, Famiglia obrari.

 F edo zurekin izan nuen azken ravea obrari dagokionez, Maite Aizpuruaren zuzendaritzapean, artista desberdinak elkartu dira proiektu honen lantaldean. Hala nola, interpretazioa eta dramaturgia Intza Alkainek eta Aizpuruak berak hartu dute euren gain. Testua, berriz, Mejillon Tigre kolektiboarekin landuko dute. Bidelagun izango dira, baita ere Matxalen de Pedro eta Edurne Azkarate antzerkigileak. Adiskidetasuna ardatz duen ikerketa artistikoa da honako obra, poesia, performancea eta umorea nahasten dituena. Antzezlanean, laguntasunaren omenaldi kritiko bat egiteko elkartuko dira aktoreak.

Famiglia da edizio honetako bigarren saria eskuratu duen obra. Maider Diaz eta Xabin Fernandezen proiektu hau komedia beltz bat da. Familia arteko harremanak dira protagonista, baina baita belaunaldi arteko diferentziak edo gizarteak ezarritako presioak ere.

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko proiektu irabazleak 2.500 euro jasoko ditu eta bigarrenak, aldiz, 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.

Zabaldu: