(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Fede Merino argazkilariaren ‘Kresala. Bermeo 1974-1976’ erakusketa Arrantzaleen Museoan ikusgai

Argazkiek Bermeoko portuan 70eko hamarkadan zegoen bizimodua erakusten dute.

Bermeoko Arrantzaleen Museoak Fede Merino argazkilari getxoztarraren Kresala. Bermeo 1974-1976 erakusketa paratuko du urriaren 19tik 2022ko ekainaren 26ra arte.

Egileak 1974. eta 1976. urteen artean Bermeoko portuan egin zituen 140 argazki baino gehiago digitalizatzea lortu du. Izan ere, argazkilariaren kezka nagusia bere funtsak galtzea edo hondatzea zen, horrela gure herriaren historiaren zati grafikoa desagertuz. Hori saihesteko denbora luzez Merinok eta bere seme Karlosek 70eko hamarkadaren erdialdean lortutako argazki-materiala irudi digital bihurtu dute, irudien kalitatea hobetuz.

Funts digitalizatu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan gordeko da hemendik aurrera, gure lurralde historikoaren ondare immaterial gisa.

Erakusketa

Urriaren 19tik aurrera 30 irudi ikusi ahal izango dira Bermeoko Ertzilla Dorrearen edo Arrantzaleen Museoaren azken solairuan. Azarotik aurrera, berriz, erakusketa zabaldu egingo da, Ertzilla dorreko hormetatik atera eta arrantza-herriko hainbat saltokitako erakusleihoetan irekiz. Horrela, bermeotarrak partaide egin nahi dira, euren egunerokotasunean agian helduek oroitzapenen artean gordetzen dituzten eszenak aurkeztuz.

Erakusketarekin batera, Merinok funtsa osatzen duten ia irudi guztiak biltzen dituen katalogo bat diseinatu eta maketatu du. Gainera, argazkiak aberasten eta testuinguruan kokatzen dituzten hainbat testuz osatuta dago. Katalogoa Arrantzaleen Museoaren dendan bakarrik egongo da salgai.

Zabaldu: